Eskualdeko enpresek 3,9 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 29a, 19:30

Nafarroako Ogasunak 2020ko zordun nagusien zerrenda argitaratu du eta, horren arabera, 673 pertsona eta enpresek 319,9 milioi euro zor dizkiote Nafarroako Ogasun publikoari. Joan den urteko datuekin alderatuz, 33 zordun gehiago daude eta zenbatekoa 15,8 milioi euro handitu da azken urte honetan.

120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2020ko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko. Gobernuak, ordea, «inork ez duela aukera hori erabili» dio bere prentsa-oharrean.

Zordunen zerrendan ageri diren 673 pertsona edo enpresen artean, guttienez 12 eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Doneztebeko Aparan SL eta Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL dira. Bata zein bertzea aspaldi itxi bazituzten ere, Aparanek 745.521,87 euroko zor metatua du (iaz bezala) eta Ayala Instalaciones Eléctricas SLk 476.209,18 eurokoa (iaz baino 4.290,55 euro gehiago). Doneztebeko Maderas Zabalaren zorra ere aipatzekoa da, 697.301,63 eurokoa baita (iaz bezala).

Nafarroa mailan, zorraren %39,4, hots, 124,9 milioi euro, higiezinen eta eraikuntzaren sektoreari dagokio. Horien artean dago Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay 275.346,38 euroko zorrarekin (iaz baino 2.343,06 euro gehiago), Construcciones Baztangoiza 178.327,14 euroko zorrarekin edo Construcciones Arraiotz 134.940,42 euroko zorrarekin. Gainerakoan, Goizuetako Maderas Arraetxe SLk 261.036,39 euroko zorra du Ogasunarekin eta Leitzako Zumardi Baso-Ustiapenak enpresak 246.800,63 eurokoa. Maila apalagoan bada ere, eskualdeko enpresa gehiago ere ageri dira zerrendan, guztira hamabi bederen.

Bertzetik, joan den urteko zerrendan zeuden batzuk ez daude oraingoan, 44 guztira. Horietako batzuen kasuan, hartzekodunen lehiaketa bukatu eta sozietatea likidatu delako; bertze batzuen kasutan zorra gutxitu eta 120.000 eurotik beherakoa delako orain; badira zorraren ordainketa gibelatu zaienak ere edo zorra kitatu dutenak. Nafarroako Foru Ogasunak azpimarratu duenez, oraingo zerrendan dauden 92 enpresa lehiaketa-prozesuan daude. Zor den kopuruaren %24,17 dagokie horiei, hau da, 77 milioi euro.

Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (111,9 milioi euro, kopuru osoaren %34,99). Haren ondotik datoz atzerapen-espedienteak (% 18,29; 58,5 milioi euro), isunak eta zigorrak (% 12,54, 40,1 milioi), bideratze-espedienteak (% 10,63, 34 milioi), Sozietateen gaineko Zerga (% 8,92, 28,5 milioi) eta konturako atxikipenak eta ordainketak (% 6,58, 21 milioi).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun