‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko du aurten ere UEMAk udan, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 19a, 13:00

Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera eginen da UEMAk sustatutako Bertatik bertara kanpaina, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izanen dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, bertzeak bertze.

Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da, eta horretarako ere online saioak prestatu dituzte udaren atarian UEMAk eta udalek.

Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, «askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela».

Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. Izan ere, gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen ditugu bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera. Askotan, ordea, bertako hizkuntza alde batera uzten dute zerbitzu sektoreko hainbat profesionalek, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Horrek ez duela zentzurik jakinarazten zaie sentsibilizazio saioetan merkatariei eta ostalariei, bisitariek erantzundako galdetegien emaitzak gogoraraziz.

Kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun