Hitz, ele, solas eta mintzo artean, bateko eta bertzeko euskaldunak bildu eta egonaldi eder batez gozatzeko aukera izanen dute aurten ere hamarnaka gaztek. Euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, gazte euskaldunak saretzea eta Euskal Herriko natura-ondasunak eta ondasun kulturalak transmititzea helburu duen Euskarabentura egitasmoaz gozatuko dutenen artean izanen dira Lesakako Unax Ordoki Etxepeteleku, Elizondoko Garazi Sarobe Sansiñena, Doneztebeko Eki Zulaika Irigoien, Sarako Laida Ibarboure eta Senpereko bertze bi gazte.
Birusak baldintzatutako egoerara egokituta
Joan den urtean espedizioa bertan behera utzi ondotik, Euskarabentura elkartea hirugarren edizioa ohiko formatuan, hau da, jatorri anitzetako 120 gaztez osatutako 31 eguneko espedizioa, martxan paratzen saiatu da. Aitzitik, egun bizi dugun egoera kontuan hartuz eta indarrean dauden neurriak eta gomendioak errespetatuz, aisialdiko ekintza moldatzeko erabakia hartu behar izan dute.
Kanpaldi formatua eman diote abenturari eta bi txandatan banatuko dute. Txanda bakoitza bi kanpamentutan banatuko da eta bakoitza lurralde batean garatuko dute. Aurreikusitakoaren arabera, lehenbiziko txanda uztailaren 1etik 11ra arte izanen da eta bigarrena hilaren 16tik 25era. Txanda bakoitzera 40-60 gazte eramaten saiatuko direla nabarmendu duten arren, edukiera instalazioaren araberakoa izanen denez, kopuru hori ez dute berresterik izan eta adierazi dutenez «datozen asteetan» jakinaraziko dute.
Bien bitartean, bakoitzerako onartutako 60 parte-hartzaileen zerrenda argitaratzearekin batera, «hautatuak zerrendarren hurrenkeran sartuko direla eta kanpoan gelditzen direnak itxaron zerrendan gordeko dituztela nabarmendu dute.
Elkarrekin hezi, elkarrengandik ikasi
Aldaketak aldaketa eta mugak muga, aurtengo edizioak orain artekoen ildotik segituko du eta, aurten ere, gazteek, esperientzia bizi bitartean, hainbat balore, jarrera eta gaitasun landu eta mintegi, tailer eta ekimenetatik ikasteko aukera izanen dute. Hala, parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi-ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria sustatu bidenabar, hainbat esparrutako profesionalekin bilduko dira, jakintzak elkarbanatzeko eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko.