Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian -2019koan- parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2019koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken lau sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei. Gauzak horrela, 12 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 18 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik hamabik lortuko dute sailkapen txartela, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian.
Aurrekanporaketa saioak egungo osasun eta aforo neurri guztiak beteta eginen dira. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke horiek guztietarako sarrerak (5 eurotan arruntak, 4 eurotan bazkideenak, eta 3 eurotan 16 urtetik beherakoenak).
Igantziko Baratzondon, ortziralean 19:00etan
Lehen saioa ekainaren 18an, ortziralean 19:00etan jokatuko da eta eskualdeko bi bertsolari gazte lehen aldiz lehiatuko dira txapelketa nagusian: Etxahun Azkarraga Fernandez etxalartarra eta Urko Gartzia Aleman lekaroztarra. Beraiekin batera, Idoia Granizo Uribarrena, Endika Legarra Nuin, Sahats Aleman Sadaba eta Aitor Irastortza Arrizurieta ariko dira bertsotan, Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzaile dutela.
Larunbatean 17:30ean Garesen
Ekainaren 19an, larunbatean 17:30ean hasita, bertze seikote bat ariko da Garesko frontoian. Oholtzara bueltatuko den Erika Lagoma Pombar lesakarra eta Patxi Castillo Graziarena izanen dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera, Jabi Lezaun Landa, Ainara Ieregi Aranburu, Mikel Lasarte Zia eta Mintxo Astiz Goñi ariko dira, Ainhoa Larretxea Agirre gai-jartzaile dutela.
Igandean 17:30ean Iruritako Gizarte Bilgunean
Bertze sei bertsolari ariko dira ekainaren 20an, igandean 17:30ean hasita Iruritako Gizarte Bilgunean. Horietatik lau eskualdekoak izanen dira: Oholtzara bueltatuko den Xabier Silveira Etxeberria lesakarrarekin batera, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien iturendarra eta lehen aldiz txapelketa nagusian parte hartuko duten Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Aitor Almandoz Elizalde lekaroztarra. Beraiekin batera, Ekain Alegre Gil eta Oier Lakuntza Irigoien ariko dira bertsotan. Ander Aranburu Arriola izanen da gai-jartzaile.