GUTUNA: «Nafarroako hizkuntzaren lazeriak»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 13a, 08:00

«Nafarroako Erreinu Zaharrean, euskararen etorkizuna kolokan» dagoela dio Otsagabiko German Gorraizek TTIPI-TTAPAra bidalitako ohar honetan. Bere hitzetan, «tamalez, administrazio publikoan euskararen erabilera arautuko duen Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu berrian eremu ez-euskaldunetako euskararen balorazioa desagerraraziko du». Hori horrela, «euskararen aldeko mobilizazio orokorra aldarrikatzea premiazkotzat» jo du.

Lingua Vasconum Primittiaeren sorterrian, Nafarroako Erreinu Zaharrean, hain zuzen ere, euskararen etorkizuna kolokan dago, zeren Nafarroa Oinezen oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada bat izan bada ere.

Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra dugula ondoriozta daiteke. Euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots, euskaldunok erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotzea eta erdaldunek euskara ikasteari gogotsu ekitea; euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi eta 'fosilizazio' hori ekiditeko euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, baita euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izatea ere, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin.

Tamalez, administrazio publikoan euskararen erabilera arautuko duen Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu berrian eremu ez-euskaldunetako euskararen balorazioa desagerraraziko du. Horri D ereduan matrikulak gutxitzea eta PSNren eta Nafarroako Suma ingelesaren aldeko jarrera gehituz gero, horizonte zalantzagarri bat izanen du euskarak, eta hori dela eta, euskararen aldeko mobilizazio orokorra aldarrikatzea premiazkoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun