Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 11a, 18:00

Patxi Mindegia zubietarra Gasteizen, finalerako txartela lortu zuen sailkapen-jardunaldian.

Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan jokatuko da txapelketaren finala ekainaren 13an 12:00etan. Bertan izanen da Patxi Mindegia zubietarra Urrezko mailan jokatzen eta Endika Goia eta Oier Larretxea beratarrak Gaztetxo mailan.

Iritsi da XXIV. Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren finala. Hainbat kanporaketa saioren ondotik, Patxi MINDEGIA (Zubieta), Hodei EZPELETA (Eibar) eta Oier KAÑAMARES IV. (Arostegi) aurrez aurre izanen dira Lekunberrin igandean Urrezko mailan. Txapela eskuratzeko, 6 enbor moztu beharko dituzte guztira, 3 modalitatetan; 45 ontzako bertikal bat, 65 ontzako bat abiadura proban eta azkeneko proban 60 ontzako lau enbor.

Gazte mailan, 24 urtetik beheitikoek 3 enbor moztu beharko dituzte; Jokin Urretabizkaia "BASOZABAL", Ibon GARAIBURU, Xuban KAÑAMARES V. eta SUHARRI Rodriguez lehiatuko dira.

Gaztetxo mailan, 45 ontzako 3 enbor moztuko dituzte 20 urtetik beheitikoek. Bertan izanen dira Endika GOIA eta Oier LARRETXEA beratarrak, baita Axel LARRAÑAGA eta Markel ZAPIAIN ere.

Harri-jasotze txapelketen finalak

Aizkolariez gain, harri-jasotzaileek ere Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa jokatuko dituzte igandean Lekunberrin.

Gizonezkoetan, URDAX Magunazelaia, Mikel Lopetegi URRA eta Iñigo Eizagirre EIZA arituko dira, 125na kiloko harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin hiru minutuko txandetan.

Emakumezkoen txapelketan, 'Kirolbet Saria', Karmele GISASOLA eta Marina BLANCO lehiatuko dira Nagusiak mailan eta Aroa SANCHEZ eta Udane OSTOLAZA Gazteak mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun