‘Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak’ diskoa aurkeztuko dute ekainaren 11n Barañainen

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 20:00

Eskualdeko hainbat bertsolarik parte hartu dute, bai letrak egiten baita kantuan ere

Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak biltzen dituen diskoa da ‘Gure aldetara. Nafarroako emakume  bertsolariak’ izenekoa. Bi helburu nagusi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako egitasmoak: batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jaso eta ikusgarri egitea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea. Eta bertzetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektu honen bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea.

Lanak euskarazko 14 kanta ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik. Hori dela eta, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean. Bai plazan era profesionalean, bai aldizkako parte hartzean zein bertso eskoletan jarduten diren emakumeen ahotsak biltzen ditu CD honek; belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako bertsolariak dira parte-hartzaileak.

Bertso-sorten edukiari dagokionez, gai librekoak badira ere, ezin uka daiteke genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direnik. Hala bada, emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak. Horrez gain, estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pianoa edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak ere, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak, esaterako. Bertsoen konposizioa ere anitza da: koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egiturak erabiltzeraino.

Halaber, bertsolaritzaren historiaren berreskurapenari keinu egin, eta emakumeek izandako parte hartzeari eskertza eginen zaio lan honen bidez: 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolaria, plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat. Diskoko azken kanta berak idatzitako bertso batek osatua da, Estitxu Arozenaren, Txapelketa bat lehendabizi irabazi zuen emakume bertsolariaren ahotsean jarria. Hortaz, Nafarroako aniztasunaren eta historiaren isla dela esan daiteke, betiere bertsoak eta emakumeen ahotsek harilkatzen dutelarik diskoa.

 

Baliabide pedagogikoa

Diskoa, azken emaitza gisa baino, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazteko eta elkarren arteko sarea sendotzeko tresna gisara baliatzea aurreikusten da. Zentzu horretan diseinatu da zabalkunde plana bera ere, salmentatik haragoko aplikazioetan pentsatuta.

Lehenik eta behin, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaltzea da asmoa. Egun, 2.800 ikaslek jasotzen dute urtero bertsolaritza programa Nafarroako hezkuntza sarean, eta 300 inguru ari dira asteroko Bertso Eskoletan (eskola orduz kanpo) bertsogintzaren edukietan trebatzen. Horiek denentzat material baliagarria izan daiteke diskoa, emakume bertsolari garaikide eta bertakoen sorkuntzak, gaiak eta bestelakoak lantzeko.

 

Aurkezpen ekitaldia

Egitasmoaren aurkezpen publikoa ekainaren 11n eginen da, 19:00etan Barañaingo Kultur Plazan. Bertan izanen dira diskoan parte hartutako bertsolarietako batzuk; egitasmoaren aurkezpenaz gain, bat-bateko bertso saioa ere eskainiko zaie bertaratutakoei, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien eskutik.

Hortik aurrera, hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herrietan, egitasmoaren aurkezpena egiteaz gain, Nafarroako emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera emateko helburua ere izanen dutenak.

Arestian aipatutako bi bertsolariez gain, Erika Lagoma, Estitxu Fernandez, Kristiñe Txoperena, Estitxu Arozena, Ekhiñe Zapiain, Uxue Mesa, Iratxe Muxika, Ane Telletxea, Lide Igoa eta Nimbe Urtxegi bertsolariek parte hartu dute diskoan, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun