Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 2,2 milioi euro emanen ditu ikastetxeak hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 4a, 15:30

Bertzeak bertze, Zugarramurdi, Bera, Areso, Baztan eta Leitzako udalek dirulaguntzak hartuko dituzte bertako ikastetxeak hobetzeko.

Guztira, Nafarroako 50 Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikastetxek jasoko dituzte dirulaguntzak; 67 konpontze eta zaharberritze eginen dituzte. 2 milioi euro emanen ditu horretarako Nafarroako Gobernuak. Eskualdeko hainbat herri deialdien ebazpenetan sartu dira.

Zugarramurdiko eskolak 31.774,95 euro jasoko ditu eskolako estalkiaren zati bat zaharberritzeko. Berako Ricardo Baroja zentroan estalkia berritu eta itxiturak eginen dituzte pasilloetan 10.834,63 eurorekin. Arraiozko ikastetxean komunen zaharberritzea eginen dute 15.393,74 euroko dirulaguntzarekin. Leitzako Erleta eskolak 32.834,46 euro jasoko ditu irisgarritasuna hobetzeko. Elizondoko eskolan oztopo arkitektonikoak kendu eta sarbiderako arrapala eginen dute 13.877,60 euroko aurrekontuarekin. Areson, 2.718,32 eurorekin, barandak jarriko dituzte Nazabal ikastetxeko leihoetan.

0-3 urte bitarteko zentroek ere 250.000 euro jasoko dituzte hobekuntza eta birmoldaketak egiteko. Eskualdeko zentrorik ez da sartu bigarren ebazpen honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun