Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Ekainaren 18an, 19an eta 20an eginen dituzte Nafarroako Bertsolari Txapelketaren aurrekanporaketak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 4a, 10:15

18 bertsolarik hartuko dute parte Igantzin, Iruritan eta Garesen eginen dituzten saioetan. Horietatik 12 sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketarako.

Urriaren 2an hasiko da aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta azaroaren 27an jokatuko da finala. Hala ere, prestaketak hasi dira dagoeneko eta aurrekanporaketak eginen dituzte ekainaren 18an, 19an eta 20an. Eskualdeko jende aunitzek jokatuko du txapelketarako pasea kanporaketa hauetan.

Igantzin eginen dute lehenengo saioa, 18an 19:00etan Baratzondon. Bertan, Idoia Granizo, Urko Gartzia lekaroztarra, Sahats Aleman, Etxahun Azkarraga etxalartarra, Endika Legarra eta Aitor Irastortza izanen dira kantatzen. Maialen Belarra doneztebarra izanen da gai-jartzailea.

Bigarren saioa Garesen eginen dute, 19an 17:30ean frontoian. Bertan, Jabi Lezaun, Erika Lagoma lesakarra, Patxi Castillo beratarra, Ainara Ieregi, Mikel Lasarte eta Mintxo Astiz izanen dira bertsolariak. Ainhoa Larretxea beratarrak jarriko ditu gaiak.

Iruritan bukatuko dute aurrekanporaketen prozesua, 20an 17:30ean Gizarte Bilgunean. Bertan, Egoitz Gorosterrazu iturendarrak, Xabier Silveira lesakarrak, Aitor Almandoz lekaroztarrak, Ekhiñe Zapiain beratarrak, Ekain Alegrek eta Oier lakuntzak kantatuko dute. Ander Aranburu izanen da gai-jartzailea.

12 bertsolari sailkatuko dira guztira, eta 2019an txapelketan parte hartzeagatik zuzenean sailkatu diren bertze 12ren kontra arituko dira. Horrela, 24 bertsolarirekin abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.

Aurrekanporaketarako txartelak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus web orrian bortz euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun