Gidari bat bi aldiz harrapatu dute alkoholemiarekin sei orduko tartean, lehenik Oronozen eta gero Olaguen

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 2a, 09:45

Bart arratsean, sei ordu eskaseko tartean, Foruzaingoak alkoholemiagatik bi delitu egotzi dizkio gidari berari, 38 urteko iruindar bati. Lehenengoa Baztanen 0.86 mg/l-ko tasarekin, eta bigarrena Olaguen 1.03 mg/l-ko tasarekin.

Lehen inputazioa Oronozen gertatu zen, gaueko 11etan. Elizondoko komisariako patruilek gidaria identifikatu zuten, telefono mugikorra kontsultatzeko bere autoa errepide erdian gelditzeagatik. Momentu horretan 0.89 mg/l-ko eta 0.91 mg/l-ko alkohol-tasak eman zituen, eta, beraz, Iruñeko epaitegira deitu zuten bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertu gisa, eta bertze pertsona batek egin behar izan zuen ibilgailuaren kargu.
 

Bortz ordu geroago, 05:36 aldera, Foruzainek abisua hartu zuten erranez N-121-A errepidean auto bat zealdoka zebilela gaztigatuz. Olaguen atzeman zuten eta oraingoan gidariak 1.03 mg/l-ko alkohol-tasa eman zuen.

Bigarren aldiz, Atestatuetako Brigadak agintaritza judizialari dagozkion eginbideak egin ditu, eta gidariari dei egin dio bide-segurtasunaren aurkako bertze delitu batengatik epaiketa zuzena egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun