Kultur programaren 26. Edizioa ekainaren 18tik irailaren 4ra bitartean eginen da Nafarroako 38 herri eta kokagunetan. Gainera, eskaintza kulturala, musika eta arte eszenikoak eta turistikoa bilduko ditu eta 28 ikuskizun Nafarroako talde eta artistek eginen dituzte. Tartean, zenbait kontzertu eta erakusketa eskualdean ere eginen dituzte, Beran, Elizondon, Zugarramurdin, Lesakan, Donamarian eta Bertizen. Hain zuzen, lehen emanaldia Beran izanen da ekainaren 18an. 20:30ean Hogei Berriro taldea ariko da Altzateko Plazan.
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra Gua-Mia-Bu artistaren Azken eguzkilorea ikusgai izanen da Bertizko Lorategian. Margolan digital baten sorkuntza prozesu osoan murgiltzeko aukera emanen du. Erakusketaren inauguraziorako, uztailaren 2an, ortziralean 19:00etan dantza emanaldia eskainiko du Oberena dantza taldeak.
Uztailaren azken asteburuan bi ekitaldi izanen dira eskualdean. Hilaren 30ean, ortziralean 17:00etan Juan Mari Beltranen Kostaldeko Soinuak entzungai izanen da Zugarramurdiko leizean. Sarrera 4,50 euro ordaindu beharko da. Biharamunean, larunbatean 20:00etan Anne Etchegoyen abeslari ezagunak Emazte bere azken lana aurkeztuko du 20:00etan Elizondoko Braulio Iriarte pilotalekuan.
Larunbat horretan Amaiurko gaztelura eta museora bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, 12:30ean euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz. Guttienez bi pertsonako taldea osatu beharko da eta pertsona bakoitzeko 6 euro ordaindu beharko da.
Abuztuan sartuta, abuztuaren 6an, Tenpora taldeak Berriro asma nazazu emanaldia eskainiko du Lesakako Plaza Zaharrean 20:00etan. Abuztuaren 20an, JAC Raw taldea ariko da Donamariako frontoian, 20:00etan.