Zenbait pilota modalitate ikasteko eta jokatzeko aukera izan zuten emakumeek ortziralean Labriten

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 1a, 09:30

Larunbatean, berriz, Nafarroako Kirol Jokoetako eskuz binakako finalak jokatu zituzten

Nafarroako Pilota Federazioko Emakumea eta Pilota Batzordeak antolatuta, zenbait modalitate ezagutzeko eta jokatzeko aukera izan zuten Nafarroa osoko emakumeek ortziralean Labriten. Tartean izan ziren eskualdeko pilotariak ere, bai jokatzen baita ikusten eta ikasten ere.

Denera, Nafarroa osoko 80 bat emakume bildu ziren, neska koskorretatik hasi eta helduak bitarte, hamarna pilotariko txandetan, batzuetan zesta eskuetan, bertzeetan pala edo esku huska, pilotarekin jolasean.

Programazioa lau pilota partidarekin osatu zuten. Zesta-puntan, Elia eta Revillak 25-22 irabazi zieten Carcavilla eta Lyubenovi.

Eskuz, pilota goxoarekin, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Leire Oskozek 18-4 irabazi zieten Ibarrola eta Lasari. Paleta goman, Murillok eta Ardanazek 25-10 irabazi zieten Espinal eta Igoari. Eskuz, pilota mistoarekin, Aldaregiak eta Maite Ruiz de Larramendik 18-6 irabazi zieten Arrieta eta Naroa Elizalde zubietarrari.

Nafarroako Kirol Jokoetako eskuz binakako kategoria guztietako neska txapeldun eta txapeldunordeak.

 

Nafarroako Kirol Jokoen finalak larunbatean

Ortziralekoa erakustaldia izan bazen, larunbatean, Nafarroako Kirol Jokoetan, eskuz binakako txapelketako finalak jokatu zituzten Labriten bertan. Kimu mailan, eskualdeko pilotarien arteko finala izan zen: Errekako Iraide Iriarte Petrirenak eta Nahia Bertiz Babaze sunbildarrek 18-7 irabazi zieten Goizuetako Umore Onako Araitz Legarreta eta Alice Sagarduiri. Gazte mailako finalean, Oberenako Lasak eta Oskozek irabazi egin zieten Leitzako Aurrerako Zabaleta eta Erika Alvarezi.

Errekako Nahia Bertiz eta Iraide Iriarte sunbildarrak txapeldun, kimu mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun