2030etik aitzinera erakunde publiko guztiek kontsumituko duten energia elektrikoa %100 berriztagarria izan beharko du

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 1a, 11:00
Lesakako Udalak suhiltzaileen egoitzaren eta udal biltegiaren teilatuan eguzki panelak jarri zitueen iaz, Goiener taldeko Nafarkoopen laguntzarekin.

Nafarroako Gobernuak, maiatzaren 26ko bilkuran, erabaki zuen Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Foru Legearen aurreproiektua kontuan hartzea eta Nafarroako Kontseiluari aurkeztu zion haren nahitaezko irizpena jasotzeko. Aurreikusitako neurrien artean, 2030etik aitzinera erakunde publiko guztiek (udalak barne) kontsumitutako energia elektrikoa %100 berriztagarria izan beharko du.

Aurreproiektuak klima-aldaketari aurre egiteko araudi-esparrua eta esparru instituzionala eta instrumentala ematen ditu, Nafarroan energia-eredu baterako trantsizioa antolatzearekin batera. Neurri aipagarrienetako bat hurrengoa da: 2025etik aurrera, Foru Komunitateko administrazioak, toki-erakundeek eta haien erakunde publikoek kontsumitutako energia elektrikoaren %50 erabat (%100) jatorri berriztagarrikoa dela ziurtatu beharko da eta 2030etik aitzinera erakunde publikoek kontsumitutako energia elektriko guztiak %100 berriztagarria izan beharko du.

Nafarroako Kontseiluak beharrezko irizpena eman ondotik, Gobernuak Kontseiluaren oharrak batuko ditu aurreproiektua onartzeko azken sesio batean, lege-proiektua Parlamentura bidali baino lehen. Nafarroako Gobernuaren orrian aurreproiektuaren xehetasun guztiak daude eskuragarri.

Neurri berriak

Foru Legearen aurreproiektuan klima aldaketa arintzeko neurri zehatzak jasotzen dira. Neurri hauek hainbat eremutan eraginen dute; eraikinak, argiteria publikoa, mugikortasuna, energia berriztagarriak, ingurune naturala eta biodibertsitatea, hiri-ingurunea, edo baita pertsona zaurgarriak ere.

Zenbait adibide aipatzeagatik, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, Nafarroako bizitegiek eta hirugarren sektoreko eraikin guztiek kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute, Nafarroako Ziurtagirien Erregistro publikoan erregistratua. Horretarako, dagokion Departamentuak laguntza-lerro bat jarriko du, ziurtagiriak 2022an, 2023an eta 2024an egiteko.

Mugikortasunaren eremuan aldiz, 5.000 biztanletik gorako udalerriek, banaka edo ondoko udalerriekin batera, mugikortasun plan iraunkorrak onartuko dituzte. Eraikuntza berriko eraikin publikoek, aparkalekua badute, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntuak edo bizikletak edo antzekoak erabiltzea edo aparkatzea errazten duten espazioak izan beharko dituzte. 

Aipatzekoa da, gisa berean, 2025etik aitzinera Foru Komunitateko administrazioak, toki-erakundeek eta haien erakunde publikoek kontsumitutako energia elektrikoaren %50 erabat (%100) jatorri berriztagarrikoa dela ziurtatu beharko dutela eta 2030etik aitzinera erakunde publikoek kontsumitutako energia elektriko guztiak %100 berriztagarria izan beharko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun