Argindarra garestiago edo merkeago orduen eta egunen arabera ekainaren 1etik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 31a, 12:30

Bihartik hasita, herritarren kontsumo ohiturak aldatuko dituen argindar faktura berria sartuko da indarrean Hego Euskal Herrian eta Espainian. Moldaketaren helburua, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen arabera, argindarraren kontsumo efizientea bultzatzea da.

Aldaketa honek 15 kilowattetik beherako potentzia duten kontsumitzaile guztiei eragiten die. Aldaketa automatikoa izanen da tarifa arautua duten kontsumitzaileentzat, hau da, merkatu libretik kanpora dauden erabiltzaileentzat. Tarifa arautuko kontsumitzaileek gobernuak ezarritako KTBP prezioa ordaintzen dute (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa). Etxean gaur egun dugun tarifa arautua den ala ez jakiteko, nahikoa da azken faktura begiratzea ea KTBP hori (gazteleraz PVPC) aipatzen den.

Zer da aldatzen dena?

Etxebizitzetako argindarraren fakturan zentratuta, argindarra prezio desberdinetan ordainduko da ordu tarteen arabera, bai potentziagatik eta bai kontsumitutako energiagatik. Orain arteko sei tarifa posibleak bakarrean bateratuko dira. Energiaren kostua aparte utzita, bidesari eta karguak egokitu dira egunaren ordu tarte batzuk bertzeak baino merkeago egiteko.

Energia kontsumoarentzat hiru ordu tarte egonen dira: puntako orduak (garestienak), tarteko orduak (prezio ertainekoak) eta haraneko orduak (garestienak baino %95 merkeagoak izan daitezkeenak). Asteburu eta  besta egunetan ordu guztiei tarifarik merkeena aplikatuko diete argindar enpresek.

Zenbatekoa izanen da aurrezpena?

Faktura berriarekin, CNMCren arabera, gaur egun ordu diskriminaziorik gabeko tarifa arautua duten kontsumitzaileek %3,4 gutiago ordainduko dute, 200-300 euro gutiago urtean, betiere kontsumorik handienak (garbigailua, sukaldea edota lisaburdina) ez badituzte batera erabiltzen eta kontsumorik handienak ordu merkeagoetan eta asteburuetan egiten badituzte. Aurrezpenik handiena, oro har, puntako orduetan ahalik eta kontsumo ttikiena eginez etorriko zaio herritarrari.

Ohiturak egokitu gabe segitzen duenarentzat, igoera ez da izugarrizkoa izanen, nahiz eta hor ikusi beharko den merkatu librekoen kontratuekin zer gertatzen den. Nolanahi ere, argindarraren erabiltzaileak neurtu beharko du zenbateraino zaion garestia aurrezten ez duena.

Ohiturarik aldatu gabe, faktura garestiagoa izanen dute, hori bai, orain arte tarifa arautua eta ordu diskriminazioa zuten kontsumitzaileek, ordu merkeen tartea aldatu zaielako.

Bi potentzia kontratatzeko aukera

Bezeroak bi potentzia kontratatzeko modua izanen du: potentzia bat puntako orduetarako eta tarteko orduetarako, eta bertze potentzia bat haraneko orduetarako, «aisa merkeagoa», CNMCren arabera. Horrela, konparaziora, gauean auto elektrikoa edo bero metagailu bat kargatzeko potentzia gehigarri bat behar duen bezeroak hori egin ahal izanen du, eta gero potentzia ttikiago bat izan dezake gainerako ordu garestiagoetan.

Erabiltzaileak, bertzerik adierazi ezean, orain arte kontratatutako potentziarekin segituko du, baina potentziak aldatzeko aukera izanen du urtean behin; hala ere, egokitzapena errazteko, hurrengo hamabi hilabeteetan doako bi potentzia aldaketa egin ahal izanen dira, betiere aldaketak ez badu teknikari baten desplazamendurik behar.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun