Nafarroan Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra astearte honetan jarriko dute martxan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 30a, 12:30

Ekainaren 1ean, Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra jarriko dute martxan ofizialki, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Migrazio Politika eta Justizia Departamentuaren menpe. Horrela, erregistro bakarra sortuko da, eta bertan inskribatu ahal izanen dira Nafarroako Foru Berriaren arabera eratutako bikote egonkorrak, publizitate eta froga ondorioetarako.

Bikotea eratzeaz gain, harremanaren alderdi pertsonalak, familiakoak eta ondare eta jabetzari dagozkionak arautzen dituzten itunak inskribatu ahal izanen dira, bai eta bikotearen akabera juridikoa ere. Datuak aldatzeko eta erregistroan baja emateko ere eskatu ahal izanen da. Izena emateko tramiteak bide elektronikoak erabiliz edo aurrez hitzordua eskatuta egiten ahalko dira.
 
Asteartetik aurrera, notario-eskritura bidez eratutako bikote egonkor guztiek eman ahal izanen dute izena, garai bateko udal-erregistroetan inskribatuak egon ala ez. Justiziako Zuzendaritza Nagusiak tramite hori egiteko deia egin die egoera horretan dauden bikoteei eta, formalizatzeko, beharrezkoa izanen da inskripzio-eskabideekin eta eratzeko notario-eskriturarekin batera, Nortasun Agiriak eta bikotearen etxebizitza komunean erroldatuta egotearen ziurtagiria aurkeztea.

Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistroak, laster, agiri publikoa eman ahal izanen du

Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduan gogorarazi zuenez, Foru Berriaren egungo erregulazioaren arabera, bikote egonkorra eratzeko beharrezkoa da dokumentu publikoa ematea. Oraingoz, notario-eskrituraren bidez bakarrik egin zitekeen hori.

Elkarketa notariotik igaro gabe Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean formalizatu ahal izateko, lehenik garapenerako foru-agindu bat argitaratu arte itxaron beharko da. Une honetan prozedura hori parte-hartze publikoko tramitean dago eta ekarpenak egiteko epea ekainaren 11n bukatuko da.

Bertzalde, gogorarazten da udaletako erregistro zaharrek ez dutela baliorik izanen hemendik aurrera. Horietan izena emana duten bikoteek agiri publikoan formalizatu beharko dute bikote direla. Bikote izaera notario-eskrituran egina dutenek eta udaletan inskribatuta daudenek Erregistro Bakarrean inskribatzeko eska dezakete, publizitatea eta proba egiteko.

Justiziako Zuzendaritza Nagusia hitzarmen bat negoziatzen ari da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin, dokumentu publiko hori udaletxean formalizatu ahal izateko eta udalek erregistrora igor dezaten eskatzeko, Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistroan inskriba dadin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun