Leitzako eta Saldiasko heliazalerak laster hasiko dira erabiltzen larrialdi kasuren bat izanez gero

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 29a, 13:00

Leitzako heliazalera.

POCTEFA HeliNET proiektuaren bitartez mugaz gaindiko lankidetza-sare bat sortu eta antolatu nahi da, larrialdietan, erreskateetan eta hondamendietan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak batera kudeatzeko, helikopteroen erabilera sustatuz. Gure inguruan prest daude dagoeneko Leitzako eta Saldiasko heliazalerak eta, Etxalarko heliazalerari dagokionez, prozesua beranduenik 2022ko ekainean prest egotea espero du Nafarroako Gobernuak.

HeliNET Partzuergoak aste honetan egin duen zortzigarren bileran, Nafarroan erabiliko diren heliazalera berrien obren egoera aztertu dute. Dagoeneko prest daude Leitzan, Lekunberrin, Saldiasen, Larraintzarren eta Izaban egin dituztenak. Miluzekoa (Iruñerrian) egokitu eta neurriz handitu dute eta Belaguako heliazalera ere, zaharberritu eta egokitzeaz gain, gaueko operazioetarako argiztapena paratu diote. Guztiak laster erabiliko dira.

Etxalarko heliazalerari dagokionez, udalak Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen aspaldi heliazalera egiteko lur-eremu bat. Geroztik, eremu horren inguruko bizilagun batzuk proiektuaren kontrako alegazioa tramitatu zuten eta udalak bandoa atera zuen galdetuz herritarren batek eremu egokiagoren bat saltzeko ba ote zuen. Epea bukatuta udalak ez du horretarako inolako proposamenik hartu eta orain Nafarroako Gobernuaren esku dago prozedura administratiboaren hurrengo urratsak ematea. Kasu honetan, 2022ko ekainean bukatzen da heliazalera prest izateko luzatu duten epea.

Saldiasko heliazalera

Noiz da heliportua eta noiz heliazalera?

Heliportu baten eta heliazalera baten artean dagoen oinarrizko aldea zera da: heliportuetan helikopteroak maiz lur-hartu eta aireratzeko prestatuak daude, eta heliazalerak, aldiz, helikopteroak noizbehinka bakarrik ibiltzeko prestatuta dauden azalerak dira.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun