Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalerdia jokatuko dute igandean Gasteizen

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 25a, 11:00
Igandean Lekunberriko jardunaldian aritu ziren kirolariak. Julen Olano leitzarrak ez zuen finalerdirako sailkatzerik izan.

Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia izanen dira eskualdeko ordezkariak, Julen Olano leitzarrak ez baitzuen Lekunberriko kanporaketa gainditu

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako hogeita laugarren edizioko finalerdia jokatuko dute maiatzaren 30ean, igande eguerdian Gasteizen. Sei aizkolari ariko dira lehian ekainaren 13an Azpeitian jokatuko den finalerako hiru txartelen bila. Tartean izanen dira Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia. Ez ordea Julen Olano leitzarra, ezin izan baitzuen joan den igandean Lekunberrin jokatutako kanporaketa gainditu.

Etxeberria eta Mindegiarekin batera, Hodei Ezpeleta (Eibar), Oier Kañamares IV.a (Arostegi), Xuban Kañamares V.a (Arostegi) eta Ibai Soroa (Arribe-Atallu) ariko dira lehian.

Harri-jasotzen azken kanporaketa

Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketako bosgarren eta hondarreko sailkapen-jardunaldian 125na kiloko harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin neurtuko dituzte indarrak Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak, Beñat Telleria lasartearrak eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak. Hauekin batera, Aimar Galarraga oriotarra eta Otxandioko Urdax Magunazelaia aritu dira txapelketan eta bi jardunalditan kilo gehien altxa dituzten hiru harri-jasotzaileak izanen dira Azpeitiko finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun