Joxean Etxeberriak eta Patxi Mindegiak Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako hurrengo jardunaldirako txartela eskuratu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 17a, 12:00
Leaburuko saioan aritu ziren aizkolari eta harri-jasotzaile guztiak.

Leaburun larunbatean jokatutako saioan, Zigakoarekin eta Zubietakoarekin batera, Kañamares V.ak ere lortu zuen pasatzea

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko jardunaldia jokatu zuten maiatzaren 15ean Leaburun. Bederatzi aizkolari izan ziren lehian, tartean Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia, hurrengo kanporaketarako hiru txartelen bila. Eskualdeko bi aizkolariek lortu zuten txartela, Arostegiko Kañamares V.arekin batera. Lehiaketa honetako finala ekainaren 13an jokatuko dute Azpeitian (Gipuzkoa).

Zigako Joxean Etxeberria lanean larunbatean Leaburun.

Leaburuko saioan, lehen fasean hiruna aizkolariko hiru multzotan banatu zituzten. Joxean Etxeberria lau segundorengatik nagusitu zitzaion Luis Txapartegiri eta gibelean utzi zuten Jokin Urretabizkaia Basozabal. Patxi Mindegia erraz nagusitu zitzaien Manuel Fraile eta Emilio Garcia segoviarrei. Bertze multzoan, Xuban Kañamares V.a hiru degundogatik nagusitu zitzaion David Naredori eta Iban Resano izan zen hirugarren. Bigarren fasean, Kañamares V.a nagusitu zitzaion Luis Txapartegiri, 17 segundogatik. Errazago nagusitu ziren Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia. Zigakoak ia bi minutuko aldea atera zion Fraileri eta Zubietakoak 43 segundokoa Naredori.

Patxi Mindegia zubietarra larunbatean Leaburun.

Aizkolariez gain, Leaburun harri-jasotzen aritu ziren Otxandioko Urdax Magunazelaia eta Orioko Udane Ostolaza. Magunazelaiak 50 jasoaldi egin zituen denera. Bina minutuko txandatan 22 jasoaldi eman zizkion 125 kiloko zilindroari, 14 jasoaldi 125 kiloko kubikoari eta 14 jasoaldi 125 kiloko bolari. Ostolaza, berriz, minutu eta erdiko txandatan aritu zen eta 16 jasoaldi eman zizkion 50 kiloko zilindroarim 9 jasoaldi 53 kiloko kubikoari eta 12 jasoaldi 50 kiloko bolari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun