Eneit Bertiz txirrindulari sunbildarrak bi garaipen eskuratu zituen joan den asteburuan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 13a, 16:00
Izkueko proban emaitza bikainak lortu zituzten eskualdeko txirrindulariek, tartean argazkian ageri diren kadete mailakoek.

Larunbatean Izkuen eta igandean Zallan (Bizkaia) egindako mendi bizikleta probetan garaile suertatu zen Baztandarra Txirrindulari Elkartekoa

Asteburu bikaina izan da eskualdeko mendi bizikleta txirrindularientzat. Larunbatean Izkuen jokatutako 32. Galtzagorri Sarian emaitza ederrak lortu zituzten. Tartean, garaipena lortu zuen Baztandarra taldeko Eneit Bertiz sunbildarrak eta biharamunean, Green Series txapelketarako puntuagarria zen proban ere irabazle izan zen Zallan (Bizkaia).

Kadete mailan, Izkuen, larunbat goizean garaile suertatu zen Baztandarra txirrindulari elkarteko Eneit Bertiz sunbildarra. Kategoria horretan hirugarren izan zen Unax Eraso taldekidea eta bosgarren Gama taldeko Ivan Villoria iruritarra. Markel Agesta hamalaugarren izan zen, Beñat Zamora hamazazpigarren eta Oihan Apeztegia hemeretzigarren. Master40 kategorian seigarren eta bederatzigarren postuetan sailkatu ziren Aitor Apeztegia eta Igor Agesta sunbildarrak. Junior mailan, bigarren izan zen Umen taldeko Koldo Herrera sunbildarra, bosgarren Hodei Aleman (Baztandarra) eta Martin Etxabe (Baztandarra) hamahirugarren. Zozaiako Iraitz Iturraldek proba utzi behar izan zuen hamar lehenbizikoetan zegoenean.

Arratsaldean, Nafarroako Kirol Jokoen barrenean, alebin eta infantil mailan ere aritu ziren eskualdeko txirrindulariak Izkuen.

Eneit Bertiz irabazle Zallan ere

Larunbatean Izkuen garaipena lortu ondotik, Green Series txapelketarako puntuagarria zen Zallako lasterketan, berriz ere garaile suertatu zen biharamunean Eneit Bertiz sunbildarra. Ez nolanahi gainera, bi minutu eta erdiko aldea atera baitzion bigarren sailkatuari.

Eneit Bertiz, podioko koska nagusian Zallan igandean jokatutako proban.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun