XI. Sagardoaren Txapelketan lehian ari diren sei bikoteetatik lauk lortuko dute finalerdietarako txartela eta lehenbiziko hiru partidak galduta, kontuak beltz jarri zaizkie Larre-Gain sagardotegiaren izenean ari diren Aritz Juanenea saldiastarrari eta Aritz Zubiri goizuetarrari. Astelehenean jokatutako partidan aunitz estutu zituzten Urriza eta Zaldua, baina azkenean 30-28 galdu zuten.
Aitzinetik, 30-26 galdu zuten Ansa II.a eta Labakaren kontra eta 24-30 Goikoetxea eta Aizpuru III.aren kontra. Gauzak honela, 4 puntu bertzerik ez dituzte Juanenea eta Zubirik eta finalerdietara sailkatzeko aukera gutti. Falta zaizkien bi partidak irabazi eta 4 puntuak eskuratu ez ezik, tanto guttitan utzi beharko lituzkete arerioak, hauek 0 puntu edo puntu negatiboa izateko. Euskal Telebistak ematen ditu partida guztiak, astelehen gauetan, Erremontari saioan.