Baztan-Bidasoko Bertso-paper lehiaketan parte hartzeko epea bihar akituko da

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 13a, 08:00
Baztan-Bidasoaldeko 33. Bertso-paper lehiaketako saridunak, Beralandetako atarian.

Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertso-paper lehiaketa eginen dute aurten Beran. Maiatzaren 3an hasi zen parte hartzeko epea eta bihar akituko da.

Parte hartzeko, bertsoak bi modutan entregatu ahal dituzte interesdunek. Paperean, helbide honetara bidali behar dituzte lanak:

Berako kultur etxea
Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketa
Eztegara pasealekua, 11
31.780 BERA (Nafarroa)

Helbide elektronikora bidaltzekotan, kultura@bera.eus helbidera bidali beharko da bertsoa PDF formatuan. Gaian, Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertso Paper Lehiaketa paratu behar da eta mezuan ondoko datu hauek: izen-abizenak, maila, adina, bertsoaren izenburua eta telefonoa. PDF artxiboan izenburua, maila eta bertsoa azaldu behar dira soilik, ez da izen-abizenekin sinatu behar.

Lehiaketa

Lau mailatan banatu dituzte partaideak:

  • A maila: 10 urte artekoak. Bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 50 euro irabazleak eta trofeoa eta 30 euro bigarrenak.
  • B maila: (11-14 urte) Bi bertso edo lau kopla egin behar dituzte guttienez. Saria: trofeoa eta 100 euro irabazleak eta trofeoa eta 70 euro bigarrenak.
  • C maila: (15-18 urte) lau bertso osatu beharko dituzte guttienez. Saria: trofeoa eta 150 euro lehenbizikoak eta trofeoa eta 120 euro bigarrenak.
  • D maila: 18 urtetik goiti. Guttienez 8 bertso egin beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 200 euro garaileak eta trofeoa eta 150 euro bigarrenak.

Sariak ekainean banatuko dituzte, Covidaren aurkako araudiaren arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun