Desgaitasunen bat dutenek eta 65 urtetik gorakoek laguntzak izanen dituzte protesiak, gurpil-aulkiak, betaurrekoak edo audifonoak erosteko

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 10a

Desgaitasun aitortua duten pertsonek eta 65 urtetik gorakoek laguntzak eskatu ahal izanen dituzte protesiak, gurpil-aulkiak, betaurrekoak, audifonoak edo antzeko laguntza-produktuak erosteko. Aurten Gizarte Eskubideen Departamentuak 120.000 euro erabiliko ditu programa honetarako.

3.800 euroko gehieneko laguntza

Nafarroako Gobernuak 120.000 euro erabiliko ditu programa honetarako, eta dirulaguntza hartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonek azaroaren 30a arte egin dezakete eskaera. Kontuan hartu behar da urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 29a bitarteko epean erositako produktuak finantzatuko direla.

Zehazki, dirulaguntzak honako produktu hauek erosteko erabili ahal izanen dira:

  • Zainketa eta babes pertsonala errazten duten produktuak (garbitzeko edo altxatzeko lagungarriak);
  • Komunikaziorako eta informaziorakoak: betaurrekoak, lentillak, audifonoak edo moldeak…
  • Mugikortasun pertsonalerako gailuak (eskuzko aulkiak edo propultsio elektrikoko aulkiak eta garabiak), edo atsedenerako elementuak (ohe artikulatua, eskaren kontrako koltxoia).

Laguntzaren zenbatekoa eskatzailearen per capita errentaren araberakoa izanen da, eta gehieneko dirulaguntza 3.800 eurokoa. Bidezko arrazoirik izan ezean, ezin izanen da kontzeptu beragatik laguntzarik hartu hurrengo lau urteetan.

Deialdiaren baldintzak navarra.es atarian kontsulta daitezke. Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan edo edozein erregistro presentzialetan aurkeztuko dira. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun