Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako saioan ariko dira Julen Olano eta Jon Telletxea larunbatean Lekunberrin

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 7a, 08:00

Leitzako Julen Olano (argazkian) eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea izanen dira eskualdeko aizkolariak Lekunberrin.

Larunbatean 17:30ean hasiko den saioan hamabi aizkolari lehiatuko dira hiru txartelen bila eta harri-jasotzaileak ere izanen dira

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko jardunaldia jokatuko dute maiatzaren 8an, larunbatean 17:30ean Lekunberrin, baita Hiru Hamarreko harri-jasotze txapelketakoa eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketakoa.

Aizkoran, hamabi aizkolari ariko dira lehian, hurrengo kanporaketan aritzeko eskubidea emate duten hiru txartelen bila. Eskualdeko ordezkaritza Leitzako Julen Olanok eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxeak osatuko dute. Beraiekin batera, Mikel Agirre (Ondarroa), Beñat Amade (Getxo), Txomin Amundarain (Arribe), Goizeder Belza (Etxarri-Aranatz), Jon Esnal (Usurbil), Ruben España (Valsain-Segovia), Borja Fernandez (Valsain-Segovia), Marco Nevado (Revenga-Segovia), Luis Polanco (Otxandio) eta Ibai Soroa (Arribe) ariko dira.

Gizonezkoen harri-jasotze txapelketan Beñat Telleria (Lasarte) eta Urdax Magunazelaia (Otxandio) lehiatuko dira 125na kiloko zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta borobilarekin. Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Aroa Sanchez oriotarra harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun