EuskarAbentura

Eskualdeko sei herritar aukeratu dituzte Euskarabentura espediziorako

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 30a, 17:00

Eskualdeko sei lagun aukeratu dituzte aurtengo espediziorako.

Aukeratutako parte-hartzaileak zerrendaren hurrenkeraren arabera sartuko direla eta kanpoan geratzen direnak itxaron zerrendan geratuko direla nabarmendu dute.

Euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea eta natura-ondasun eta ondasun historiko zein kulturalak transmititzea du helburu EuskaAbentura espedizioak. Aurten hirugarren edizioa izanen da eta pandemiak eragindako egoerara egokituta dator. Orain artean ez bezala, aurtengo edizioak kanpaldi itxura izanen du eta bi txandatan banatuko da. Txanda bakoitza bi kanpamentu basetan kokatuko da eta haietako bakoitza lurralde batean izanen da. Lehenbizikoa uztailaren 1etik 11ra izanen da eta bigarrena uztailaren 16tik 25era. Antolatzaileek adierazi dutenez, kanpaldien datetan eta parte-hartzaile kopuruan aldaketak gerta daitezke. 

Edozein modutan, kanpaldi bakoitzera 40-60 gazte eramaten saiatuko dira, baina kopuru hori instalazioen edukieraren araberakoa izanen denez, ezin dute kopurua %100ean berretsi. Aitzinetik hori zehaztuta eta aldaketak egon daitezkeela jakitun izanik, aukeratutako behin behineko zerrendak jakitera eman dituzte. Aurreikusitakoaren arabera, eskualdeko sei gazte izanen dira aurten parte hartuko dutenak.

Aukeratuak

Lehenbiziko txandarako Sarako L.I.A (Bernat Etxepare Lizeoa), Lesakako U.O.E (Toki Ona BHI) eta Senpereko M.S (Uztaritzeko San Josepe Lizeoa) eta bigarrenean Elizondoko G.S.S. (Lekaroz BHI), Doneztebeko E.Z.I. (Mendaur BHI) eta Senpereko E.RL. (Uztaritzeko San Josepe Lizeoa) dira aukeratuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun