Odola emateko unitate ibiltaria Donezteben eta Leitzan izanen da egun hauetan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 28a, 18:00

Nafarroako Odol-emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean 20:30 arte Donezteben izanen da; bihar, ortzegunean, 17:00etatik 20:30era Leitzan; ortziralean 09:30etik 13:00etara Donezteben eta heldu den asteartean, maiatzaren 4an, berriz ere Donezteben, 17:00etatik 20:30era.

Hitzordua hartua dutenek bakarrik izanen dute odola emateko aukera. Hala, norbaitek odola eman nahiko balu, 848 42 05 73 telefonora deituz edo www.adona.es webgunean eman beharko luke izena.

Covid-19a tarteko, hona hemen ADONA Nafarroako Odol-emaileen Elkartearen gomendioak:

  • Osasunez ongi egotea ezinbestekoa da odola emateko.
  • Ongi hidratatua egotea komeni da.
  • Azken 28 egunetan Covid-19a duen edo hala duela uste duen norbaitekin harremanetan egon bada, ezin da odola eman.
  • Covid-19aren sintoma arinak izan baditu, edo asintomatikoa izan bada, PCR negatiboa jaso eta 15 egunen buruan eman daiteke odola, edo sintomak desagertu edo medikuaren alta jaso duenetik hilabete batera.
  • Sintoma hauek izanez gero ezin da odola eman: sukarra, eztul idorra, mukia, eztarriko mina arnasteko arazoekin, usaimenaren edo dastamenaren galera, beherakoa...
  • Azken 15 egunetan Europako bertze herrialde batean edo azken 30 egunetan Europatik kanpo ibili bada ezin da odola eman.
  • Garbitasun neurriak hartzea ezinbestekoa da: eskuen garbitasuna, maskararen derrigorrezko erabilera...
  • Etxetik atera aurretik sukarra hartu behar da eta 37º baino gehiago izanez gero, ezin da odola eman.
  • Odola eman eta ondoko 14 egunetan koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero, 848 422 570 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun