Udalbiltza erakundeak ‘Geuretik sortuak’ proiektuaren lehenbiziko edizioa martxan jarri du. Euskal Herriko literatura, antzerkigintza eta zinemagintzako 26 artistak parte hartuko dute ekimen honetan. Artistek hiru astez haien bizilekua ez den herri batean eginen dute egonaldia, eta sortuko dituzten 16 ipuinak, bortz antzezlanak eta bortz film laburrak izanen dira emaitza. Euskal kultura Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea du helburu ekimenak, egonaldietan sortzen diren obrekin hedapen-zirkuitu bat eginez.
Gure eskualdetik, Iban Garro lesakarrak parte hartuko du idazle gisa. Urepelera joanen da hiru astez ipuin bat idazteko. Haren ordez, Eñaut Castagnet Iparraldeko zinemagilea Beran eta Lesakan ibiliko da bere film laburra sortzen. Honez gain, Garazi Albizua Castelao Santurtziko idazleak Leitzan eginen du egonaldia ipuin labur bat idazteko.
Joan den urtearen bigarren erdian hasi ziren proiektua prestatzen eta herriak finkatzen. Aurtengo urtarrilean egin zen artistak aukeratzeko beka-deialdia, eta 73 hautagai aurkeztu ziren guztira; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Epaimahaiak martxoaren 23an erabaki zuen zein artistak parte hartuko duten eta biharamunean bakoitzaren helmuga iragarri zuten.