ORGANI-KOPA olinpiadetan parte hartuko dute Baztan, Bortziriak eta Mendialdea Mankomunitateek

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 28a, 09:00

Nafarroako Hondakinen Partzuergoak bultzatutako ekimenak gai organikoaren birziklapena sustatzea du helburu.

Astelehenean Tafallan aurkeztu zuten proiektuan parte hartzea erabaki dute Baztango Udalak eta Bortzirietako eta Mendialdeko Mankomunitateak. Nafarroan guztira 11 mankomunitatek eta 92 udalerrik parte hartuko dute ekimenean maiatzaren 3tik uztailaren 3ra.

Gure eskualdean hiru lehiaketa antolatu dituzte; bata Bortzirietako bortz herrien artean, bertzea Baztango 15 herrien artean eta azkena Mendialdeko 20 herritan. Bi hilabete horietan, herri bakoitzeko edukiontzi marroietan eta auzo konpostaguneetan bildutako hondakinak neurtuko dituzte. Datuak astero publiko eginen dituzte eta olinpiaden akabailan biztanleko hondakin gehien bildu duten herriek eramanen dute saria. Sakanako Mankomunitatean eginen dute sari-banaketa Nafarroa mailan, eta zonalde bakoitzean emaitza hoberenak lortzen dituztenak ekonomia zirkularrarekin loturiko 5.000 eurotan baloratutako saria lortzeko aukera izanen dute.

Ekimen honekin, edukiontzi berdetik hondakin birziklagarriak atera eta zabortegietara bideratutako hondakin kantitatea murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak.

ORGANI-KOPAren lehenbiziko edizioan parte hartuko duten mankomunitate eta udalerriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun