Udalen azpiegiturak hobetzeko 9,21 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 27a, 14:00

Tokiko Inbertsioen Planean erreserban sartu direnen artean Donamaria eta Arano daude. Malerrekako garbiguneak ere aurrekontuaren barnean sartu dira.

Tokiko Inbertsioaren Planaren barnean sartzen diren 90 udalerritako 120 ekintza eman ditu ezagutzera Nafarroako Gobernuak. Bertze hainbat ekintza gehituko dizkiote hurrengo hilabetetan 16,6 milioi eurora iritsi arte.

Gure eskualdean, Malerrekako garbigunetako hondakinen kudeaketa izan daiteke diru gehien har dezakeena; 308.000 euroko behin-behineko kopurua aurreikusi dute, eta inbertsioa 385.000 eurokoa izanen litzateke. Honez gain, Donamaria bi proiekturekin sartu da zerrendan, alde batetik banda zabalaren hedapenarekin segitzeko (behin-behineko ekarpena 70.400 eurokoa izan daiteke eta inbertsioa 88.000 eurokoa) eta bertzetik eskola zaharraren eraikineko kanpoko arotzeria eta estalkia zaharberritzeko (65.706 euro aurreikusi dituzte, 93.865 euroko inbertsiotik). Aranoko Udala ere erreserban dago; 13.698 euroko behin-behineko ekarpena proposatu dute, eta inbertsioa 19.569 euroa izanen litzateke, Maixueneko 1. solairuko irisgarritasuna errazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun