Hainbat ekitaldi eginen ditu aste honetan LABek Baztan-Bidasoan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 26a, 12:00

Donezteben, Beran eta Lesakan solasaldi bana eginen dute aste honetan LAB sindikatuak antolatuak, baita Hokoke dokumentalaren proiekzioa ere, larunbatean Langilearen Nazioarteko Eguna dela-eta.

Apirilaren 28an, 18:30ean, Hokoke dokumentala proiektatuko dute Doneztebeko Herriko Ostatuan. LAB eta ERNAI taldetako hizlariak egonen dira bertan eta Huertas de Peraltako nekazarien borrokari buruz arituko dira.

Apirilaren 29an Berako Kultur Etxean zaintza lanen inguruko hitzaldia emanen dute 18:00etan, lan hitzarmen bat eskatzeko. Bera, Lesaka eta Elizondoko zahar egoitzetako langileak eta Gaztelu Garralda LABeko Nafarroako sektore arduraduna izanen dira hizlariak.

Apirilaren 30ean Lesakako Arranon gazteen prekarietateari buruzko hitzaldia eginen dute 19:00etan, LAB eta ERNAIko partaideen eskutik.

Mobilizazioa igandean

Honez gain, larunbat honetan, Langilearen Nazioarteko Eguna, mobilizazioa eginen dute Elizondoko plazan 12:00etan «langileen egoera eta sistema kapitalistak utzitako suntsipena» salatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun