Osasun Departamentuko kanpaina batek adineko pertsonek izurrian bizi duten egoeraz arduratzeko eskatzen die herritarrei

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 23a, 19:00

Adineko jendeaz arduratzea eskatzeko kanpainaren aurkezpena egin zuten ortzegunean Iruñean.

Adinekoen kolektiboarekin elkarlanean diseinatua, bere gaitasunak eta baliabideak aitortzea eta bere autonomia babestea planteatzen du

Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak Galdetu iezadazu kanpaina sustatu du, COVID-19ak ekarri duen momentu neketsu honetan, adinekoen egoera ezagutzeko, bai emozionalki edo sozialki zein fisikoki eta kognitiboki. Asmo hori du kanpainaren goiburuak: Zure galderekin, interesa agertzen duzu. Zure galderekin, adinekoen autonomia errespetatzen ari zara.  

Ekimena diseinatzeko orduan adinekoen kolektiboetako sei ordezkariren kolaborazioa izan dute, eta interesa eta tratu ona lagun, ongizate emozionala, babes soziala, ariketa fisikoa eta elikadura landu dituzte bertze gaien artean. Adineko pertsonak babestea planteatzen du eta haiek animatzea, «beraien trebetasunak, indar-guneak eta baliabideak aipatuz hala nola bere eskubideak eta autonomia errespetatuz». Horrela, adinkeriari, hau da, adinaren araberako bereizkeriari aurre egin nahi zaio. 

Ariketa fisikoa sustatzea eta osasun emozionala zaintzea

Adineko pertsonek hainbat egoera gainditu behar izan dituzte izurri honetan: konfinamendua, deskonfinamendua, mugikortasun eta kontaktu murrizketak, etab. Batzuk isolatu egin dira, bertze batzuk harremanak gehienbat telefonoz edo Internet bidez izan dituzte eta bertze batzuk berriz, ahal izan duten orotan ateratzea hautatu dute. Edozein kasutan, egoera nola bizitzen ari diren galdetzea lagungarri suertatzen ahal zaie.

Garai honetan, ariketa fisikoa egin dute etxean, baina agerian jarri da, orokorrean, indarraren eta orekaren galeran antzeman daitekeen mugikortasunaren murrizketa zein erorketen hedapena. Elikadurari buruzko azterketen arabera, pisuan ere aldaketak atzeman dira, igoerak edo jautsierak. Horregatik, funtsezkoa da ariketa fisikoa eta elikadura osasuntsua bultzatzea.

Garai zailak izaten ari dira, ziurgabetasun handikoak; batzuetan ongi kudeatzen dira, bertze batzuetan, aldiz, antsietatea, estresa, beldurra edo tristura azaltzen dira. Zenbait pertsona gaixotu egin dira, bertze zenbaitek galerak jasan dituzte. Horregatik, oinarrizkoa da emozioak zaintzea, familia, gizarte eta aisialdiko harreman ziurrak berreskuratzea eta jarduera mentala sustatzea; baita dolua kudeatzea ere.

2020ko apirilean Osasun Departamentuak Konfinamendu Garaian Nafarroako Biztanleriaren Osasun Egoerari buruz eginiko azterketa baten arabera 65 urtetik goitiko biztanleriaren erdiak adierazi zuen epe horretan bere osasun arazoek okerrera egin zutela. Hala ere, azterketak jakitera eman zuen familiaren, lagunen eta auzoko edo herriko ingurunearen babesa handia jaso zuten pertsonen portzentajearen gorakada, eta horrek agerian jartzen du babes komunitarioa garatu dela.

Horregatik kanpainaren aholkua da, adinekoekin izaten diren familia eta gizarte harremanetan, zer egin behar duten erran beharrean, ondorengoak bezalako galderak egitea: nola ari zara eramaten pandemia?, zola sentitzen zara?, zer daukazu gaur jateko?, ibiltzera ateratzen al zara? edo nahi al duzu zerbaitetan laguntzea?

Kanpainaren edukia

Webgune berezi bat sortu dute Nafarroako Gobernuaren atarian. Kanpainaren informazioa hala nola bere bideo nagusia eta bertze atal berezi batzuk ditu; horietan, sei pertsonak, hainbat egoera eta esparrutan, bere egunerokotasunagatik galdetzera animatzen gaituzte. Bideo nagusia Erresuma Batuko Greater Manchester Combined Authority (GMCA) erakunde publikoaren Keeping Well this Winter kanpainan inspiratuta dago.

Bertzalde, prentsan zabaltzeko iragarkiak, telebistako spot bat eta osasun zentroetan, udaletxetan eta adinekoen elkartetan banatzeko kartelen materiala diseinatu dituzte, baita sare sozialetarako mezuak ere #GaldeIezadazu etiketekin. Urteko azken hiruhilekoan, aurreikusita dago irratiko iragarkiak zabaltzea, markesinetan kartelak instalatzea, hala nola liburuxka bat eta egutegi bat egitea.

Kanpainaren diseinuan lagundu dute Nafarroako Osasun Eskolak, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak eta adinekoen elkartetako sei ordezkarik. Horien artean daude Aitonak Mendiko Kluba, Lacarra Adinekoen elkartea, Berriozarreko adinekoen Udal Zentroa, Nafarroako Berdintasunaren aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Elkarteen Koordinakundea (COMFIN), Hirugarren Adina Adineko Pertsonen Elkarteen Konfederazioa eta Donibaneko Adineko Pertsonaren aldeko Hitzarmena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun