Lesakako Joseba Lasak eta Sunbillako Asier Navaridasek parte hartuko dute Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusian

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 22a, 20:00

Inoizko parte hartzerik handiena izanen du Oiartzunen eta Getarian jokatuko den aurtengo edizioak

Baldintzarik onenak ez badira ere, hazten segitzen du Euskal Pilota Egokitutako Master Cup Txapelketak eta horren adibide da inoizko parte hartzerik handiena izanen duela aurten Oiartzunen eta Getarian jokatuko den edizioak. Denera 34 pilotari arituko dira, 18 adimen urritasuneko mailan, (3 taldetan banatuko diren 9 bikotetan) eta 16 gurpil-aulkiko mailan (2 taldetan banatutako 8 bikotetan), tartean Lesakako Joseba Lasa eta Sunbillako Asier Navaridas. 

Izena eman duten pilotarien artean Euskal Herriko pilotariez gain Espainiako eta Frantziako pilotariak daude, kirol honen garapenaren erakusgarri.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izanen ez denez, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan apirilaren 25ean, igandean 10:30ean eta 16:30ean (urritasun fisikoa) jokatuko dituzten kanporaketak Emakume Master Cupeko Facebook-eko perfiletik ikusi ahal izanen dira streaming bidez. Goizez adimen urritasuneko partidak jokatuko dira eta arratsaldez gurpil-aulkian aritzen diren pilotarien txanda izanen da.

Lau bikoterik onenak maiatzaren 16an Getarian jokatuko diren finaletarako sailkatuko dira. Eguerdiko hamabietatik aitzinera jokatuko diren final hauek ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu eta www.eitb.eus ataritik ere ikusi ahal izanen dira.

Informazio gehiago www.epeirekia.eus atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun