Euskaraz ikasten duten haurren gurasoei zuzendutako 'eranafarroa.eus' webgunea sendotuz doa

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 22a, 17:00

Euskaraz ikasten duten 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako gunea da www.eranafarroa.eus webgunea, eta bertan hainbat eduki kontsultatu daitezke: artikuluak, haurrentzako euskarazko jardueren agendabaliabideak, aholkuak…

Webguneaz gain, sare sozialetan ere presentzia aktiboa dauka ERA Nafarroak: Facebook, Twitter, Instagram eta Youtuben, hain zuzen ere. Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako eta abiatutako ekimena da, eta haren helburua, euskararen normalizazioaren eta sustapenaren testuinguru zabalean kokatuta, haurren ikas-prozesua osatzen eta biribiltzen laguntzea da, haurrek edozein erregistro eta egoeratan moldatzen ikas dezaten, ziurtasuna eta jariotasuna eskura dezaten eta, jakina, euskararekin goza dezaten.

Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako eta abiatutako ekimena da, eta euskara zerbitzu horiek kudeatzen dute oso-osorik. ERA Nafarroak eskaintzen dituen edukiak euskaraz ikasten duten 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzenduta daude, eta gurasoen tipologia osoa hartzen dute: euskaldunak, erdaldunak, zerbait dakitenak, ikasten ari direnak…

 

Helburuak

ERA Nafarroaren helburua, euskararen normalizazioaren eta sustapenaren testuinguru zabalean kokatuta, haurren ikas-prozesua osatzen eta biribiltzen laguntzea da, haurrek edozein erregistro eta egoeratan moldatzen ikas dezaten, ziurtasuna eta jariotasuna eskura dezaten eta, jakina, euskararekin goza dezaten.

Helburu horietan urratsak egiteko, webguneak zenbait atal dauzka, eta atal horietan askotariko edukiak. Hainbat artikulu argitaratu dira, alde batetik. Artikulu horiek “etxean”, “eskolan” eta “eskolaz kanpo” multzotan sailkatuta daude, edukiaren arabera, eta gurasoentzako hamaika argibide, gogoeta, proposamen eta bestelako eduki daude.

Beste alde batetik baliabideen atala dago. Atal aberatsa eta ongi hornitu eta eguneratua, 0 eta 12 urte bitarteko haurren euskararen erabilera sustatzeko, laguntzeko eta indartzeko makina bat baliabide jasota daude bertan, era guztietakoak: ipuinak eta literatura, musika, jolasa, zinea eta marrazki bizidunak, hezkuntza, app-ak eta jostailuak, gurasoentzako aholkuak eta eskolaz kanpokoak.

Eta, azkenik, agenda bat eskaintzen du, Nafarroako hainbat herritan haurrei zuzenduta antolatzen diren euskarazko ekitaldiak biltzen dituena. Hori ere astez aste eguneratua.

 

Ibilbidea

ERA Nafarroa 2017an abiatu zen, eta orduz geroztik bere hartzaile eta jarraitzaileen kopurua eta taldea handituz eta osatuz joan da. Gaur egun erreferentzia bihurtu da hainbat gurasorentzat, baita alor horretan lanean ari diren bestelako eragile sozial eta instituzionalentzat. Eskaintzen dituen edukiengatik eta duen izaeragatik badu, nolanahi ere, ibilbide horretan urrats gehiago emateko eta are gehiago zabaltzeko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun