Mobilizazioak deitu ditu LABek Langilearen egunerako

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 19a, 20:00

"Zaintza, lana, bizitza, herria" lelopean hainbat ekimen antolatu dituzte eskualdeko herri desberdinetan apirilaren azken egunetarako. Maiatzaren 1ean, Langilearen Nazioarteko Egunean, Elizondoko plazan eginen dute mobilizazioa 12:00etan.

Apirilaren 28an 18:30ean Hokoke dokumentala proiektatuko dute Doneztebeko Herriko Ostatuan. LAB eta ERNAI taldetako hizlariak egonen dira bertan eta Huertas de Peraltako nekazarien borrokari buruz arituko dira.

Apirilaren 29an Berako Kultur Etxean zaintza lanen inguruko hitzaldia emanen dute 18:00etan, lan hitzarmen bat eskatzeko. Bera, Lesaka eta Elizondoko zahar egoitzetako langileak eta Gaztelu Garralda LABeko Nafarroako sektore arduraduna izanen dira hizlariak.

Apirilaren 30ean Lesakako Arranon gazteen prekarietateari buruzko hitzaldia eginen dute 19:00etan, LAB eta ERNAIko partaideen eskutik.

Maiatzaren 1ean, Euskal Herriko bertze hainbat herritan bezala, mobilizazioa deitu dute; Elizondoko plazan 12:00etan.

Mobilizazioak Euskal Herri guztian zehar

Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Baiona izanen dira mobilizazioak izanen dituzten bortz hiriburuak. Honez gain, bertze 21 herritan ere mobilizazioak deitu dituzte. Sindikatuak salatu duenez, pandemiak lehendik zetorren krisia azkartu du; larrialdi klimatikoa, migrazio mugimendu masiboak, zaintza sistemaren gabeziak, enplegu suntsiketa... sistema bidegabe eta eutsiezin bat sortuak. Herri burujabea sortu eta trantsizio ekosozialista eta feminista hastea dute helburu mobilizazioek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun