Haur eta ikasleendako euskarazko kantuak bildu ditu EIBZk web orri batean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 18a, 12:00

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta euskaltegietako ikasleendako erabilgarriak izan daitezkeen abestiak bildu ditu Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) Euskara Atalarekin lankidetzan.

Euskara irakasteko abestiak izeneko web orrian bildu dituzte A zein D ereduko ikasleentzako erabilgarriak izan daitezkeen abestiak. Guztira, 350 kantu baino gehiago daude bertan entzungai, bi ataletan banatuak: Haur eta Lehen Hezkuntzarako bideratuak alde batetik eta Bigarren Hezkuntza eta Helduentzako bertzetik.

Lehenbizikoan hainbat sailkapenetan banandu dituzte abestiak, bilaketa errazagoa izateko: Zotz egiteko, inauteriak, lanbideak, zenbakiak eta letrak, animaliak, urtebetetzeak, eguraldia, egutegia... EIBZko kideen erranetan, “abestiak hizkuntzak ikasteko baliabide bikainak dira: ikasleen arreta bereganatzeko, motibazioa pizteko, eredu egokiak eskaintzeko, ahoskera lantzeko eta hitzak memorian gordetzen laguntzeko balio dute, hori guztia gozamenari uko egin gabe”.

DBH eta euskaltegietako ikasleei zuzendutako abestiak, berriz, lantzen dituzten hizkuntz egitura edo hiztegiaren arabera sailkatu dituzte. Kantuaren bertsio originala eta karaoke bertsioa igo dute bertan. Gainera, dokumentu batean kantu guztiak bildu dituzte, non entzun eta ikusi daitezkeen, zer lantzeko balio duten eta kasu batzuetan ikasleekin egiteko ariketen proposamenak ekartzen dituena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun