Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez sustatutako ikus-entzunezko proiektua da AT, Katubik ekoiztua. Askotariko kultur adierazpenak zabaltzeko egitasmoa da AT WEBSAILA, Euskal Herriko gazte sortzaileei ahotsa emateko plataforma. Bideo berria igotzen dute astero web orrira abeslari, dantzari eta musikari desberdinekin. Nøgen taldeko Eider eta Alex izan ziren lehenbiziko atalean. Bigarren atal honetan, Iparraldeko mugatik zehar ibili da Maddalen Arzallus saioaren furgonetan.
Lesakar bat eta beratar bat hurrengo atalean
Ortzirale honetan, apirilaren 16an, hurrengo atala estreinatuko dute, Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarra izanen duena protagonista. Ekhiñe Zapiain Berako bertsolaria ere agertuko da bertan gitarrarekin kantatzen.