Oian Canabal eta Julen Retegi txapelduorde Espainiako klub arteko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 12a, 13:00
Espainiako klub arteko pilota txapelketako eskuz banakako eta binakako txapeldun eta txapeldunordeak, igandean Labriten.

Ugaitz Elizaldek buruz buruko finalerdian galdu egin zuen Victorren kontra

Eskualdeko pilotariak izan dira asteburu honetan Iruñean jokatu den Espainiako klub arteko pilota txapelketako azken partidetan, baina ez du bakar batek ere txapelik lortu. Halere, finalista izan ziren Julen Retegi eratsundarra buruz buru eta Oian Canabal igantziarra binaka.

Finalerdietako erronkarik zailena Zugarralde klubean ari den Ugaitz Elizalde iturendarrak zuen, buruz buruko txapelketan. Berriki arte profesional izan den eta berriz ere hastekotan den San Cosme taldeko Victor Estebanen kontra aritu zen ortziralean San Juanen eta 2-0 galdu zuen (10-1, 10-2). Markagailuak erakusten duen bezala, erabat nagusitu zen errioxarra. Buruz buruko bertze finalaurrekoan, Irurtzun taldeko Julen Retegi eratsundarrak 2-0 irabazi zion Huarte taldeko Espinali (10-8, 10-6).

Oian Canabal igantziarrak pilota modu akrobatikoan astintzen ortziraleko finalaurrekoan.

 

Eskuz binakako txapelketako lehen finalerdian, Oberenako Oian Canabal igantziarrak eta Iruritak 2-0 irabazi zieten Urbiongo Cabrerizo eta Iturriagari (10-2, 10-7). Bertze finalerdian, Uharteko Laso eta Beroizek 2-0 irabazi zieten Buruzgaingo Iriarte eta Sarasari (10-5, 10-5).

Gauzak honela, igandean Labriten jokatu zituzten finalak eta pronostikoak bete ziren. Buruz burukoan Victorrek 2-0 irabazi zion Julen Retegiri (10-4, 10-7) eta binakakoan, Laso eta Beroizek ere 2-0 irabazi zieten Canabal eta Iruritari (10-6 eta 10-4).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun