Juanenea saldiastarrak eta Zubiri goizuetarrak bikote eginen dute Sagardoaren txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 9a, 12:00
Aritz Juanenea saldiastarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak Larre-Gain sagardotegia ordezkatuko dute.

Aurtengo txapelketak tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu astelehenero ETBko Erremontari saioarekin

XI. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu zuten ortzegun arratsaldean Galarretan eta aurten dena da berria. ETB1eko Erremontari saioaren barrenean jokatuko da txapelketa astelehenero, apirilaren 12an hasi eta ekainaren 7an bukatuta finalarekin.

Horrek tradizioa eta modernitatea uztartzea ekarriko du. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea, berriz,  saioan eskainiko dituzten irudiak kamera berezien bitartez eta telebista saio baten barrenean jokatzeak berak. 

Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 12tik aitzinera, astelehenero 22:15ean ETB1en  eskainiko dute eta bi orduko iraupena izanen du prime time-an.

Sei bikote, tartean Juanenea eta Zubiri (Larre-Gain)

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte: Etxarri-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Aritz Juanenea saldiastarra eta Aritz Zubiri goizuetarra (Larre-Gain), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Ansa II.a-Labaka (Setien). 

Bertze sagardotegi bat ere izanen da protagonista, 2019ko azken txapelduna, Petritegi. Aurtengo berezitasunik esanguratsuenetakoa da. Azken txapelduna izan zenez, aurten Petritegik bikote guztietan izanen du errepresentazioa.

Horretaz gain, txapelketan pilotari onena (aurrelaria eta atzelaria) erabakiko duen rankinaren errepresentatzailea ere izanen da. Hortaz, finalean banatuko diren sariak ematearen ardura eta ohorea izanen dute. 

Txapelketaren formatuan denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan. Lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta bi bikote kanporatuak izanen dira.

Partidu guztiak 30 tantora jokatuko dituzte eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tanto artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantora puntua, 23tik 17 tantora punturik ez eta 16 edo gutxiago tanto egiten duen bikoteak puntu negatiboa. 

Finalerdiak maiatzaren 31n jokatuko dituzte eta lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 7ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. 

Apirilaren 12an lehen bi partidak

Astelehenero bi partidu jokatuko dituzte eta lehenengo jardunaldian, apirilaren 12an, Urriza-Zaldua (Bereziartua) Etxarri-Barrenetxearen (Oialume Zar) kontra jokatuko dute lehenengo partidan eta gero Ansa II.a-Labaka (Setien), Juanenea-Zubiriren (Larre-Gain) kontra.

Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Pello Gartziandia Oronako ordezkaria eta sagardotegi guztietako ordezkariak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun