Emakumezkoen pilota txapelketa sortu du Nafarroako Kirolaren Institutuak esku eta gomazko paleta modalitateetan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 8a, 16:00
Gaurko aurkezpenean, Jon Oyarzun, Jose Manuel Fuentes, Rebeca Esnaola, Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre leitzarra.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Txapelketak lehiaketa garrantzitsu bat jokatzeko aukera eskainiko du maiatzean eta ekainean

Nafarroako Kirolaren Institutuak (IND) emakumezkoen lehen Nafarroako Foru Komunitateko Pilota Txapelketa sortu du, eta eskuz binakako pilota mistoa, binakako gomazko paleta eta eskuz binakako pilota goxua kategoriak barne hartuko ditu maiatzean eta ekainean.

Txapelketaren helburua, INDk egiten dituen Kirol eta Emakume ekintzekin bat etorriz, emakumeen kirola sustatzea da, erreferenteak sortzeko eta emakumea kirolean ikusgai jartzeko aukera emanen duen lehiaketa garrantzitsu baten bidez, eta Nafarroan pilota-txapelketa bat sortu eta finkatzea, modalitate horietako kirol-eskaintza areagotzeko eta kirol hori bultzatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren aurkezpenean parte hartu dute Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Jon Oyarzun, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko kideak, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi pilotariek eta Jose Manuel Fuentes Emakume Master Cup-eko ordezkariak.

Kontseilariak adierazi duenez, «txapelketak ilusioa sortu nahi du pilota praktikatu nahi duten emakumeen artean, beren ezaugarri eta beharretara egokitutako goi-mailako lehiaketa antolatuz», eta, horrez gain, «pilotari guztientzako erreferentea» izan nahi du.

 

Izen-emateak

Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren lehen edizio hau irekia eta parte-hartzailea da. Hala nahi duten pilotariek parte hartu ahal izanen dute txapelketan, hau da, «inskripzio libreko txapelketa izanen da, eta, hala, federazio-lizentzia duten edo ez duten pilotariei garrantzizko txapelketa batean hartzeko aukera izanen dute», antolatzaileek azaldu dutenez.

«Gainera, pilotarentzat bultzada bat izanen da; izan ere, lehen txapelketan, eskuaz gain, gomazko paleta ere sartuko da, eta horrek parte-hartzaile kopurua handitzeko aukera ematen du, emakume pilotari gehien duen modalitateetako bat baita», jakinarazi dute.

Parte hartu nahi duten kirolari guztiek www.emakumemastercup.com web orriaren bidez eman behar dute izena, apirilaren 9tik 25era. Finalak ETB-1en eta Navarra Televisionen emanen dituzte zuzenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun