Bertiz parkea eta Lekarozko campusa Europar Batasuneko dirulaguntzak jasotzeko hautagai

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 8a, 20:00

Koronabirusak utzitako krisiari aurre egiteko dirulaguntza banatu du Europar Batasunak hainbat herrialderen artean. 44 proiektu aurkeztu ditu guztira Maria Chivite Nafarroako lehendakariak Esapainiako Gobernuan.

React-EU programaren barneko dirulaguntzetatik, 148 milioi euro esleitu zaizkio Nafarroari. Chivitek aurkeztutako aurrekontua 141,9 milioi eurokoa da, eta horietatik 105,3 milioi EGEF (Eskualde Garapenerako Europako Funtsa) barnean kokatzen diren ekimenei bideratuta daude. Lehendakariak atzo proiektuaren aurkezpenarekin batera erran zuenez, "Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoak hobetzearen alde, enplegu, digitalizazio eta jasangarritasunaren alde eta arrazoi desberdinak direla-eta egoera larriagoan daudenak laguntzearen alde egin du apostu".

Proiektu hauen artean, osasun zerbitzuetarako produktu eta zerbitzuak, herritarrei oinarrizko zerbitzuak emateko azpiegituretan inbertsioak eta ekonomia digital eta berde baterantzko trantsizioa nabarmentzen dira. Azken sailkapen honetan sartzen dira eskualdeko bi proposamenak.

Alde batetik, ekonomia digitala lortzeko inbertsioaren barnean, Lekarozko campuseko eliza prestatu eta dinamizatu nahi dute, digitalizatu. Coworking espazioa bihurtu nahi dute, hau da, hainbat enpresak elkarrean lan egiteko espazioa, ikerketa, formakuntza eta dibulgazioa helburu dituena. Horretarako, proiektura 1,2 milioi euro bideratzea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak. Bertzalde, ekonomia berdeagoa lortzeko inbertsioen artean, Bertiz Natur Parkeko ondare kulturalaren berriztapena dago. Proiektu honi 1,4 milioi euroko dirulaguntza esleitu zaio aurrekontuan.

React-EU funtsa

Europar Batasunak pandemiak eragindako krisiaren ondorioz sortutako dirulaguntza da React-EU funtsa, europar lurraldeen suspertzea eta kohesioa duena helburu. 55.000 milioi euroko dirulaguntza eskainiko du guztira eta EGEF (Eskualde Garapenerako Europako Funtsa), EGF (Europako Gizarte Funtsa) eta FEAD (Pertsona ahulenentzako Europako Laguntza Funtsa) funtsen artean banatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun