Pinuaren prozesionariak eragin ttikia izan du negu honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 7a, 18:00
Prozesionaria-poltsa bat, pinu batean.

Izurrite horrek eragindako erreakzio alergikoak saihesteko gomendioak ere gogoratu eta eguneratu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Baso eta Ehiza Zerbitzuaren bidez, joan den neguan pinuaren prozesionariak eragin txikia izan duela jakinarazi du, espeziearen infestazio-mailei buruzko urteko jarraipen-datuen arabera. Joera horrek iazko bide beretik segitzen du eta, hala, izurriteak ez du arriskuan jartzen kaltetutako pinudien egonkortasuna.

Nafarroako pinudien ebaluazio lanak akitzekotan daudenean, datuek adierazten dutenez, larizio, aleppo pinuen eta pinu gorrien infestazio mailak urriak dira: ebaluatutako pinudien % 85ak kalte arinak ditu, % 14,6ak kalte ertainak eta soilik % 0,2ak bistaratzen ditu infestazio larriak.

Prozesionariaren zaintza eta kontrol jarduera 2030 Nafarroako Baso-Agendan aurreikusten diren jardueren baitan ezartzen da; honek barne hartzen du klima aldaketaren testuinguruan garatzeko bidean dauden izurriteak eta gaixotasunak saihesteko esku-hartze neurrien eta alerta sistemen finkapena. 

Ez ukitu beldarrak

Bertzalde, udaberri hasiera honetan pandemiaren ondorioz mendian bisitari gehiago dabiltzanez, Departamentuak jarraibide batzuk gogorarazten ditu beldarrak pinuetatik jaisten hasten direnean kontuan hartzeko. Beldar hauek ile erresumingarriak dituzte, arnasean eta azalean hanturazko erreakzio alergikoak eragin ahal dituztenak, zenbaitetan larriak izan daitezkeenak, beraz, horiek ez ukitzea gomendatu dute.

Infestazio maila handiko pinudietara bisitak murriztea ere gomendatu dute, beldarrak pinuetatik jaisteko eta lurperatzeko fasea bukatu arte eta, bizikletaz paseatzekotan lepoa, besoak eta hankak estaltzen dituzten arropak eramatea. Ohikoak dira maskotek jasaten dituzten erasanak, horregatik, ibilaldietan etxeko animaliak lotuta eraman behar dira kalteak saihesteko, izan ere, kasu larrienetan, hanturak, nekrosia eta/edo itotzea eragiten ahal baitie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun