Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta mankomunitateek, UEMArekin elkarlanean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 6a, 18:00

Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina telematikoa eta 19an aurrez aurrekoa

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena.

2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu denez, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Izan ere, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte goiti egiten ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.

Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da UEMArentzat, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren bertze urrats bat baita. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta bertze hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainarekin, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta bertzeko erakundeekin.

Gaur egun, errenta aitorpen gehienak mekanizatuak dira lurralde gehienetan, baina Nafarroan, erraterako, ondasunetan aldaketak izanez gero banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina telematikoa, eta apirilaren 19an aurrez aurrekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun