Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi dute Laboral Kutxa Masterra

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 4a, 20:00

Ezkerretik eskuinera Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre.

Laboral Kutxa Masterreko finalean, ofizioa eta eskarmentua bai, baina euren kirol ibilbidean aurrera pausoak emateko ere gaitasun ikaragarria eta ilusioa erakutsi dituzte Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreri 22-15 irabazita.

Ume-umetatik pilotan zailduak, irabazteko grina eta ilusiorik ez dute galdu Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik eta euren palmaresa gizentzen segitzen dute, sekulako lehiakortasuna dutela erakutsiz. Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek euren aldetik, munduko dohain eta denbora guztia dute aurretik eta gaurkoak ikasteko balioko die. Gernikakoak Binakako txapela jantzi ezinda segitzen du, baina saiatuaren saiatuaz etorriko zaio honi ere garaipenaz gozatzeko momentua.

Azkenerako gazteek amore eman eta markagailuan 7 tantotako aldea egon bada ere, txapelketan osoan egon ez den lehiakortasuna eta emozioa izan ditu gaurko finalak. Lehiaketako bi bikoterik onenak batu ditu finalak eta hutsak ere askotxo izan badira ere, argi gelditu da hori gaurko partidan. Batez ere partidako lehen zatian, markagailuan berdinketa ugari izan dira eta Arrizabalaga-Agirrek ere izan dituzte euren uneak. Gernikarrak erasoan asmatu duen tarte bat baliatuta, saketik ere mina egin du, 9-13 aurreratu dira bizkaitarra eta gipuzkoarra. Partidako momentu askotan jokoan ere gehiago izan dira, baina akatsak ere gehiago batu dituzte eta detaile txikietan joan zaie finala. Ezin esan partida txarra jokatu dutenik, baina nafarren lehiakortasuna gehiago izan da.

Hirugarren posturako lehian, Leire Garaik eta Oihana Orbegozok partida borobila jokatu dute eta podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu dute Irantzu Etxebeste eta Olatz Ruiz de Larramendiri 18-10 irabazi ondotik. Gorriak 2-0 aurreratu badira ere, partida erabat urdina izan da. Finalerdian ez bezala, aurrelari gasteiztarra ausart eta eraginkor aritu da, jokoan asko sartuz eta keinuak eginez aurkariak deseroso sentiaraziz. Atzean ere, Olatz Ruiz de Larramendik ez du espero zen nagusitasunik izan eta gutxitan erakutsi ahal izan dio bizkarra sendo aritu den Orbegozori.


Emaitzak:

Finala: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi 22 / 15 Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre
3. postua: Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi 10 / 18 Leire Garai-Oihana Orbegozo

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun