Asteburuetan eta jaiegunetan zakurrek aziendei egiten dizkieten erasoak ugaritzen ari direla ohartarazi du Foruzaingoak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 2a, 11:00

Landa eremuan etxeko zakurrekin gero eta jende gehiago dabilen honetan, inguruan bazkatzen ari diren ardien, behien eta behorren kontrako erasoak ugaritzen ari direla adierazi du Foruzaingoak. Erasoak herrigune eta hiriguneetan maskotatzat dituzten zakurrek egindakoak direla gaineratu du. Horren harira, zakurren jabeek 1.001 eta 6.000 euro arteko isunak izan ditzaketela oroitarazi du.

Egunerokoan lotuta ibiltzen diren zakurrak omen dira, eta landa eremuan libre uzten dituztenean egiten dituzte erasoak. Zenbait kasutan aziendak ausikiekin edo gibeletik segitzearen ondorioz itota hil direla ere nabarmendu dute, baita ernari daudenen kasuan abortuak izan dituztela ere.

Erasoaren ardura zakurren jabearena dela oroitarazi du Foruzaingoak, eta 1.001 eta 6.000 euro arteko isunak har dezaketela ohartarazi du. Horregatik, landa eremuan animaliak suelto utzi aitzinetik kalte egin diezaiokeen aziendarik ez dagoela ziurtatzeko aholkatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun