8 eta 12 urte tarteko gazteei zuzendutako tailerra da, liburuen mundura hurbiltzea duena helburu. 12 laguneko taldetan, liburu bat egiten irakatsiko diete gaztetxoenei, koadernatze eta azala egitetik testua idazteraino. 58 klase eskainiko dituzte guztira Nafarroa osotik, horietatik 16 euskaraz.
Udako hilabeteetan klaseak geldituko dituzten arren, irailan berrartuko dituzte eta eskualdera itzuliko dira, Bera eta Leitzako liburutegietan ere tailerra egiteko. Ordu eta erdikoak izanen dira klaseak eta herri bakoitzaren liburutegian paratuko dute data, ordutegia eta plaza kopuruari dagokion informazioa, baita izena emateko aukera ere.
Tailerraren edukia
Bi zatitan bananduko dute tailerra; lehenengoa teorikoagoa izanen da eta aurkezpen baten bitartez liburu bat egiteko prozesuak azalduko dituzte (egiletza, ilustrazioak, edizioa, inprimaketa, hedapena...). Bigarrenean prozesua modu praktiko batez eginen dute, urrats guztiekin argitalpen ttiki bat eginez. Liburutegiek emanen dituzte liburuak egiteko beharrezko materialak.