Argiaren faktura murriztu eta kontratuak hobetzeko aholkuak eman ditu Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 14:00
Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak egin duen inkesta baten arabera, nafarren %35ek ez daki zer egin behar duen energiaren kontsumoan eraginkorragoak izateko eta argindarraren fakturan aurrezteko.

 

Hasteko aholku on bat: hartu ohitura gasaren eta elektrizitatearen fakturak irakurtzeari 5-10 minutu eskaintzeko etxera iristen direnean: zenbat kilowatt-ordu kontsumitzen dituzun, kilowatt horietako bakoitza zenbat kostatzen zaizun, eta abar. Aztertu fakturetan egoten diren grafikoak, hilabete bakoitzean gehiago edo guttiago kontsumitzeko joera ote duzun egiaztatzeko, eta pentsatu zeintzuk izan daitezkeen horren arrazoiak (ordutegi aldaketak, etxean lagun gehiago izatea, etxetresna elektriko berriak, eta abar).

Ordutegi-diskriminazioa

Kontsumoa nola murriztu dakitenen artean (%35), erabiltzen duten neurririk hedatuena ordutegi-diskriminazioa da. Ordutegi-diskriminazioari esker, argiaren prezioa merkeagoa da energia gastatzen den ordu-tartearen arabera. Oro har, aurrezpen handiagoa lortzeko, etxeko planifikazioa eta ohiturak egokitzea beharrezkoa da, hala nola etxetresna elektrikoak, garbigailua edo ontzi-garbigailua, argindarra merkeen dagoen orduetan martxan jartzeko (normalean, gauekoak eta goizeko lehenengoak).

Kalkuluen arabera, batez bertze, etxe batek urtean gutienez hirurogei euro aurreztu ditzake ordutegi-diskriminazioarekin. Ziurrenik, ekainetik aurrera, argindarraren prezioak hiru tarte izanen ditu ordutegi diskriminazioz araututako tarifaren bezero guztientzat (PVPC edo Borondatezko Prezioa Kontsumitzaile Ttikiarentzat kontratua dutenentzat).

Kontratatutako potentzia aldatzea, kontsumo errealera egokitzen ez bada

Herritarrek argiaren fakturan gutiago gastatzeko ezagutzen duten hurrengo neurria (%19) kontratatutako potentzia optimizatzea da. Kontratatutako energia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago ordainduko da termino finkoagatik. Etxe batean 5 kW-ko potentzia izatetik 3,30 kW-ko potentzia izatera pasatzeak, urtean 82 euro aurreztea ekar lezake.
 
Kontuan izan behar da gaur egun urtean behin bakarrik alda daitekeela potentzia, eta horrek kostu bat duela: potentzia igotzeak 50 € inguruko kostua izan dezake, baina 10 € inguru jeisteak. Hori bai, potentzia aldatu baino lehen komeni da ongi kalkulatzea zenbatekoa den etxeko kontsumo erreala.
 

Konparatu merkatuan daude eskaintzen artean eta kontuan hartu eskaintza batzuk lotuta  dituzten zerbitzuak

Aurrezteko bertze neurri bat da gure beharretara gehien egokitu daitekeen eta merkeagoa izan daitekeen kontratua aukeratzea da. MLBNren konparatzailearen arabera, argi eta gas kontratu baten eta bertze baten artean urtean 184 euroko aldea egon daiteke. Bertze puntu garrantzitsu bat, eskaintzari lotutako zerbitzuak dira, kasu batzuetan 200 € baino gehiagoko kostua izan dezaketenak.
 

Ikusi hemen kontsumoa murrizteko ohitura on batzuk

Kontratuan aurrezteaz gain, etxeko ohitura batzuekin gastu energetikoa murriztu daiteke. Hauek dira kontuan hartu beharreko gako batzuk:
  • A energia-efizientziako etxetresna elektrikoek % 50 energia gutiago kontsumitu dezakete.
  • Kontsumo urriko bonbillek normalean baino 8 aldiz gehiago irauten dute.
  • Mikrouhin-labe batek ohiko labeak gastatzen duen energiaren %60 eta %70 artean aurrezten du.
  • Etxearen isolamendu termiko onak berokuntzan edo aire girotuan %30era arteko aurrezpen ekonomikoa dakar.
  • Berogailuaren tenperatura-maila altuagoa den neurrian, gastua %6 eta %8 artean handitzen da.
  • Garbigailuaren programa 30 gradutan jartzeak, 60 gradutan jarri beharrean, gastua erdira murriztea ekarriko du.

Autokontsumoa, bertze aukera bat

Eguzki-panelak edo energia-autokontsumorako sistemaren bat instalatzeko aukera ere baloratzea komeni da. Azterlan batzuen arabera, autokontsumoak %30 eta %50 arteko aurrezpena ekar diezaioke kontsumitzaileari. Hala ere, panelak instalatzeak inbertsio handia da eta aukera hori aukeratu aurretik, proiektuaren azterketa zehatza egitea komeni da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun