Fiteron ere emaitza onak lortu dituzte eskualdeko mendi txirrindulariek

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 26a, 18:00

Rural Kutxa Kopako proban podiora igo dira Igantziko Aitor Begino (elite) eta Sunbillako Koldo Herrera (junior) eta Eneit Bertiz (kadete)

Mendi Bizikletako Rural Kutxa Kopako egutegiaren barrenean, Fiteroko Udalaren bigarren saria jokatu zen igandean. Eskualdeko txirrindulariek emaitza onak lortu zituzten eta podiora ere igo ziren batzuk.

Honela, zenbait gorabahera izan ondotik, proba nagusian bosgarren izan zen Katea-Bike taldeko Aitor Begino igantziarra, baina podiora igo zen, hirugarren izan baitzen elite mailan.

Junior mailan ere, podiora igo zen Umen taldeko Koldo Herrera sunbildarra, bigarrena izan baitzen. Baztandarra txirrindulari elkarteko Hodei Aleman ere ez zen podiotik urrun ibili, bosgarren izan baitzen. Umen taldeko Iker Lasa hemezortzigarren postua sartu zen eta Baztandarra taldeko Iraitz Iturralde hogeita hirugarrenean.

Kadete mailan ere podiora igo zen Baztandarra taldeko Eneit Bertiz sunbildarra (argazkian). Beñat Zamora, Unax Eraso, Aritz Bikondo eta Markel Agesta taldekideak bederatzigarren, hamabosgarren, hogeita zortzigarren eta hogeita hemeretzigarren postuetan sartu ziren. Muruzabal taldeko Ivan Villoria iruritarra hamaseigarren izan zen eta Ulibeltzak taldeko Oihan Apeztegia hogeita hemezortzigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun