12 milioi euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak industrian inbertsioak sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 23a, 11:00
Bi deialdi egin ditu Nafarroako Gobernuak: bata enpresa handiei zuzendua eta bertzea enpresa ttiki eta ertainei bideratua.

Deialdiak, enpresaren tamainaren arabera, diruz lagundu daitekeen zatiaren %10 eta %18 beteko du

Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren bitartez, 12 milioi euro bideratuko ditu, bi diru-laguntza lerroetan, industria arloko enpresei, ETE zein enpresa handiei, lehiakortasuna hobetuko duten zein Nafarroako ekonomian duten pisua indartuko duten ekintzak sustatzeko.

Aurreikusitako 12 milioi eurotatik hamar ETEentzat bideratuko. Gainerako bi milioi euro, berriz, enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzetarako erabiliko dira. Bi kasuetan, Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak ekoizpena eta ekoizpen-prozesuak hobetzera eta dibertsifikatzera bideratutako inbertsioak diruz lagunduko ditu.

Industria-arloko ETEentzako nahiz enpresa handientzako laguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da Nafarroako Industria Erregistroan agertzea eta honako alor hauetako industriak izatea: manufaktura-industriak, lurrun eta aire egokituaren hornitzaileak, hondakinak tratatzeko eta ezabatzekoak, merkantziak gorde eta biltegiratzekoak, ikerketa-arlokoak eta garapen eta diseinu espezializatukoak. Era berean, establezimendu bat eduki beharko dute Foru Komunitatean edota diru-laguntzaren eskaera eginen da horietako bat irekitzeko.

 

ETEetan %10 eta %18 arteko inbertsioa egiteko laguntzak

Enpresa txiki eta ertainentzako deialdian, foru-laguntzekin diruz lagundu daitekeen inbertsioaren kostu osoaren %10 eta %18 artean estali ahal izanen da. Hori enpresen tamainaren araberakoa izanen da. Modu horretan, mikroenpresek inbertsioaren %18 jaso ahal izanen dute, %15 enpresa txikiek eta %10 ertainek. Edonola ere, laguntza gehienez ezingo da izan milioi bat eurotik goitikoa.

Diru-laguntza hori eskura dezaketen ekimenen artean honako hauek daude: establezimendu berriak sortzea edo handitzea, ekoizpena dibertsifikatzea, ekoizpen-prozesuak aldatzea edota itxitako establezimendu baten aktiboak erostea.

ETEek aurkeztutako inbertsio-proiektuen aurrekontua gutxienez 15.000 eurokoa izanen da mikroenpresen kasuan, 50.000 eurokoa enpresa txikiei dagokienean eta 100.000 eurokoa enpresa ertainen kasuan.

Enpresek proiektu laburrak edo luzeak garatu ahal izanen dituzte, laguntzak gauzatzeko epearen arabera. Ildo horretan, laguntzak eskatu ahal izanen dira laguntzen eskaera-egunaren eta irailaren 30aren artean egindako inbertsioentzat; edo beranduago gauzatuko diren proiektuentzako laguntzak, betiere 2022ko abuztuaren 31 baino lehen bukatzen badira. Hori dela-eta, aurreikusitako hamar milioi eurotatik, bat proiektu laburrentzat gordeko da; gainerako bederatziak, berriz, proiektu luzeentzat.

Laguntzak norgehiagoka eran esleituko dira, deialdian jasotako irizpideen arabera proiektuak baloratu ondoren; hala nola, enpresaren tamaina, enpresa-mailako hazkundea, enpleguaren kalitatea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna edo proiektuaren kokapena, bertzeak bertze.

Proiektu laburretarako aurreikusitako milioi euroko zenbatekoa eskaera guztiei erantzuna eman aurretik agortzen bada, artatu gabe geratutakoak proiektu luzeen eskatzaileen zerrendan sartuko dira.

Enpresek apirilaren 30era arteko epea izanen dute proiektu laburretarako laguntzak eskatzeko eta azaroaren 30era bitartekoa proiektu luzeetarako laguntzetarako. Bi kasuetan, eskaera telematikoki egin behar da, Nafarroako Gobernuaren atariko izapide-fitxaren bitartez.

Enpresa handientzako laguntzak

Enpresa handientzako laguntzei dagokienez, gaur argitaratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta diru-laguntzek diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren %10a estaltzeko balioko dute, kasu guztietan. Zenbatekoa gehienez 200.000 eurokoa izanen da, Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartutako herrietan establezimendu berriak ireki behar direnean izan ezik, kasu horretan zenbatekoa gehienez 500.000 eurokoa izango baita. Dibertsifikatzeko proiektuei dagokienean, laguntza 300.000 eurokoa izan daiteke.

Eteentzako deialdian bezala, laguntzak norgehiagoka eran emanen dira, oinarrietan ezarritako balorazio-irizpidearen arabera, dagoen kreditua agortu arte.

Deialdi horretara aurkeztu nahi diren proiektuak eskaera-egunaren eta 2022ko maiatzaren 31 artean gauzatu beharko dira. Diruz laguntzeko inbertsioen aurrekontua gutxienez 300.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko, laguntzak eskatu ahal izateko.

Bertze ekimenen artean, laguntzak eskatu ahal izanen dira industriarako erabiltzeko lursailak erosteko, ondasun higiezinak eraikitzeko edo erosteko eta aktibo materialak edo immaterialak erosteko.

Enpresa interesatuek laguntzak eskatu ahal izanen dituzte laguntzen deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta apirilaren 30era bitarte. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren atariko izapide-fitxaren bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun