Larunbatean erabakiko da Irunen eskuz binakako Master Laborala Kutxa 2021 txapelketako finala nortzuk jokatuko duten

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 19a, 11:00

Iera Agirre leitzarra pilota astintzen final laurdenetako partidan. Maite Ruiz de Larramendirekin batera, Naroa Elizalde zubietarraren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra ariko da lehen finalaurrekoan.

Etxean bakartuta dagoen Irantzu Etxebeste beratarraren lekua Naroa Elizalde zubietarrak hartuko du, Olatz Ruiz de Larramendirekin batera, Iera Agirre leitzarraren eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko duen finalerdian

Azken urteetan, garrantzi berezia hartu du Irungo Uranzu pilotalekuak emakumeen esku pilotaren barruan eta datozen asteetan ere protagonismo berezia hartuko kantxa zoragarri eta eraberritu honek. Bertan jokatuko da, apirilaren 4an eskuz binakako Master Laboral Kutxa 2021en finala, baina aitzinetik, larunbat honetan finalerdiak ere hartuko ditu Bidasoaldeko frontoiak, 15:30etik aitzinera, ETBk zuzenean emanen duen jaialdian. Zoritxarrez, egungo osasun egoerak izan du eraginik eta azken orduko aldaketa bat eman da lehen finalerdian, Irantzu Etxebeste beratarrak, bere etxean bakartuta egonda, ezin izanen duelako Irunen egon eta bere lekua Naroa Elizalde zubietarrak hartuko du.

Zubietako aurrelaria gogotsu aterako da kantxara eta bere onena eman beharko du Olatz Ruiz de Larramendirekin batera, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik bikote handia osatzen dute eta, nahiz eta euren lehen txapelketa izan pilota mistoarekin. Izeba-ilobek bertze partida berezi bat jokatuko dute elkarren aurka eta gibeleko koadroetan nagusitzea lortzen duenak aunitz izanen du irabazita. Esperientzia eta gaztetasunaren arteko lehia izanen da.

Bigarren finalerdia Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirrek eta Leire Garai-Oihana Orbegozok jokatuko dute. Bi bikoteek erraz irabazi zituzten final laurdenetako euren kanporaketak eta laurak ere sasoi bikainean daude. Gernikako aurrelaria gaur egungo erreferente nagusietako bat da eta berak eramanen du bikotearen pisua, jokoz dago, tantoa azkar bukatzen du eta sakearekin ere min handia egiteko gai da. Bikote urdina agian seguruagoa eta konpentsatuagoa da eta lehia orekatua espero da.
Jantzi berrien aurkezpena

Bertzalde, datorren asteartean, martxoaren 23an, 2021eko Emakume Master Cuparen denboraldiko arropa berriaren aurkezpena eginen dute Astorek Arrasaten duen egoitza nagusian, 18:00etan. Ekipamendu honek kolore, ehun eta diseinu berritzaileak izanen ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun