GUTUNA: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren plantilla organikoak unibertsitate elebakarra islatzen du

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 19a, 19:00

Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroan arlo eta zerbitzu publikoan kalitateko euskarazko zerbitzua eskaintzea bermatzea du helburu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Plantilla Organikoa argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak 2021eko martxoaren 2an.

563 lanpostu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Hizkuntz profil elebiduneko lanpostuak (euskara/gaztelania) 33 dira (% 5’86). Ingelesezko hizkuntz profila dutenak 18 dira (% 3’20).

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Unibertsitate elebiduna (euskara/gaztelania) bihurtzekotan, Plantilla Organikoaren izaera guztiz aldatu behar du. Oraingoarekin ikasketak bi hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz) eskaintzea erabat ezinezkoa da.

NUP-en 2017-19 Euskararen Plan Gidaria izan zen azkena, dakigunez. Plan horren emaitza Plantilla Organikoan horrela islatu bada, Plan horren erabateko porrota da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere izaera berriz hausnartu behar du. Itxurak alde batera utzi eta Unibertsitate elebiduna bihurtzeko benetako urratsak eman behar ditu eta, ezinbestean, pauso horiek ondo islatu behar ditu Plantilla Organikoan.

Izenpetua: Joseba Otano Villanueva, Administrazioa Euskaraz Taldearen ordezkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun