Euskararen sustapenean izan duen eragina azaltzen duen dokumentala aurkeztu du Nafarroako Ikastolen Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 19:00

Egitasmo honen helburua, Nafarroako ikastolen mugimenduak euskararen berreskurapenean, transmisioan, sustapenean eta zabalkundean izan duen eragina ezagutzeko testigantzak jasotzea izan da. Dokumentala Ikastolen Elkarteko webgunean egonen da ikusgai. 

Nafarroako Ikastolen Elkartea 1976an sortutako irabazi-asmorik gabeko bigarren mailako irakaskuntza-sozietate kooperatiboa da. Bere helburu nagusien artean, «euskararen babesa, sustapena eta ezagutza bultzatzea» da. Elkartearentzat, «euskara, hizkuntza eta euskal kultura eta ohituren ahozko tresna gisa, Nafarroako ondare immaterial handienetako bat da». Eta, horren «kontserbazioa eta etorkizuneko belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko» lan egiten du.  Proiektu honen bidez, «Nafarroako gizartean gure hizkuntza eta kultura bultzatzeko modu desberdinak ikusarazi nahi» izan ditu elkarteak. Dokumentala Aitor Ortiz de Felipek ekoitzi du. 

Elkarrizketatutako pertsonak

Honako lagun hauen testigantza baliatu da dokumentala egiteko:

Nafarroako Ikastolen Elkartea eta ikastolak 

Carlos Garaikoetxea (ikastolen sortzaile eta sustatzaile), Patxi Zabaleta (ikastolen sustatzaile eta Arturo Kanpion euskaltegiaren sortzaile), Arantzazu Amezaga (ikastolen sorreretan ama), Javier Yaben (ikastolen sorreretan aita), Irene Lopez-Goñi (NIE), Marta Igoa (Nafarroa Oinez), Jemi Sorabilla (Paz de Ziganda Ikastola), Aitziber Etxaiz (Iñigo Aritza Ikastola), Luis Fernando Etxeberria (Lizarra Ikastola).

Euskalgintzako bertze erakunde batzuk 

Andres Iñigo (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Euskararen Gizarte Erakundeen kontseilua), Aitor Etxarte Berezibar (Udal Ikastolaren sortzaile eta sustatzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohia).

Azkenik, ohar honen bitartez dokumentalean beraien testigantza emandako pertsonak eskertu nahi izan ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak «oso baliotsua izan baita euren ekarpena dokumentalerako». Gainera, oroimen berezi bat egin nahi izan diote Aitor Etxarte Berezibarri. Izan ere, dokumentala egin bitartean «bidean geratu zaigu, baina bere ahotsa, indarra eta testigantza geratzen zaizkigu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun